Asteburuan zehar egingo diren Ketaren partiduei areto futboleko taldeak emango die hasiera. Zehazki, gaur, 20:30ean, izango dute norgehiagoka Egintza taldearen kontra. Aurkarien etxean, Billabonako Olaederra kiroldegian, jokatuko dute. Gaurkoa laugarren jardunaldia izango dute. Oraingoz, partidu bakarra irabazi dute, pasa den jardunaldikoa, sei eta bostekoarekin, Donostiako Arantzazuko Ama taldearen aurka.

Bihar, larunbata, berriz, bi partidu izango dira. Alde batetik, Keta Sharks saskibaloi taldeak jokatuko du. Arratsaldeko 18:00etan, etxean lehiatuko dira Cafes Aitona Askatuak talde donostiarraren aurka. Sharks taldeak hiru partidu irabazi eta beste hainbeste galdu ditu, eta oraingoz, sailkapenaren erdialdean dago kokatuta. Bestalde, pasa den igandean Legazpiko Ilintxa taldearen aurka denboraldiko lehen partidua irabazi ondoren, biharkoan, Ketako futbol taldeak Danena taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Partidua 17:45ean hasita Zizurkilgo Eibarrena futbol zelaian izango da.