2008an hasitako krisi ekonomikoaren ondorioz, Espainia osoan zehar nabaritu da atzeraldi ekonomikoa. Getaria ez da salbuespena izan, eta hemen ere herritar ugarik jasan ditu krisi ekonomikoaren ondorioak. Hala ere, Lanbideren datuak oinarri hartuta, azken urteetako Getariako langabezia tasak, EAEkoekin alderatuta, hobeak izan dira. Zer esanik ez datu horiek Espainiakoekin alderatuz gero.

Orain dela bi urte, 2017. urtean, Getariako langabezia tasa %5,2koa izan zen. Hurrengo urtean, 2018an, gorakada izan zuen eta langabetu kopuruak %7ra heldu zen. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan, berriz, %5,9an zegoen. 2018. urtean, aurreko urtearekin alderatuta, langabeziak gora egin zuen, baina aurten, badirudi, beranzko joera hartu duela. Emaitza horiek EAEko datuekin alderatuta, hobeak dira. Izan ere, 2017. urtean EAEn, biztanleria aktiboaren %12,1 zegoen langabezian; 2018an, %11,2; eta 2019ko urtarrilean, %11,1. Datu horien arabera, Getariako aurtengo lehenengo hiruhileko langabezia tasa ia EAEkoaren erdia da.

Getariako datuak Espainiakoekin alderatuta

Iturria: Lanbide

Azken urteetan, bai Getariako bai EAEko langabezia tasak Espainiakoak baino baxuagoak izan dira. 2017. urtean Espainiako biztanleria aktiboaren %17,22a zegoen lanik gabe, 2018an %15,25a eta 2019ko lehenengo hiruhilekoan %14,70a (INE). Azken urteetan, ikus daitekeen modura, Espainiako langabezia tasak beranzko joera argia izan du. EAEkoak ere, modu pausatuago batean, behera egin du. Getariako langabeen ehunekoak, berriz, gorabehera gehiago izan ditu; 2018. urtean gora egin baitzuen.

Infografia: Lanbide