Azken urteetan hartutako bideari jarraituz, Getariako Udalak parte-hartze prozesu berri bat jarriko du martxan gaur. Hainbesteko zeresana ematen duen aparkalekuen gaia lantzeko izango da oraingoa eta getariarrek egungo egoeraz hausnartzeaz gain, euren ideiak azaltzeko aukera izango dute.

Gaur, 18:30ean bilduko dira Berdura plazan, eta hasieran prozesuaren ezaugarriak zein helburuak ezagutuko dituzte. Ondoren jakinaraziko da zein diren egungo aparkalekuen egoeraren datuak, hala nola, kopurua, urtaroen araberako sistemak eta eskumenak. Udalak bere ikuspegia aurkeztuko duela iragarri du, eta bertaratzen direnek galderak egiteko tartea izango dute.

Lehen datu ematearen ondoren, talde txikitan banatuko dira parte-hartzaileak, aukera ezberdinen alde on eta txarrak identifikatzeko. Horrekin batera, hobekuntzak eta aparkaleku guneak bereizteko proposamenak egingo dituzte. Hargatik, duela hainbat aste etxeetan banatutako orrian bost galderen inguruan hausnartzeko proposatu zitzaien getariarrei:

  • Aparkalekuari dagokionez, zein dira, zure ustez, Getariak dituen arazoen jatorria?
  • Zein soluziok (bat edo gehiago) ematen dio konponbide egokiena Getariako herritarren aparkatzeko beharrei?
  • Egokia da kanpoko autoen fluxu guztia moilara bideratzea?
  • TAO sistemak arazoa arintzen lagundu al dezake?
  • Bestelako modurik ba al dago Getariako aparkalekuaren gaia antolatzeko?

Saioaren amaieran, talde txikietan egindako ekarpen horiek gainerako kideekin partekatuko dituzte.

Hitzordu bat gehiago

Udalak aparkalekuen ordenantza zehazteko bi saio aurreikusi zituen, gaurkoa eta datorren ostegunekoa, hau da, azaroaren 21ekoa. Lehenengoan hausnarketa egitea eta proposamenak jasotzea da helburua; bigarrengoan, berriz, horiek garatzea.

Gaur jakinarazi duenez, ordea, hirugarren saio bat egingo dute abenduaren erdialdea baino lehen, “hartutako irizpideen arabera” entitateak berak egindako proposamena ezagutzera emateko.