Getariara egindako bisita Aspegiren Yemayá Sareak proiektuaren ekintzetako bat izan da. Proiektu honen helburua da Senegalgo Thiadore-Sur-Mer-eko artisau-arrantza sektorean emakumeen lidergoa eta partaidetza aktiboa sustatzea.

Bi ataletan banatzen den proiektu honetan, Aspegik Mujeres por Afrika fundazioaren eta Azti Tecnaliaren kolaborazioa du. Lehen atalean, erakunde horietako lau kide, urriko bigarren astean, Senegalen izan ziren. Bidaia haren helburua Yemayá Sareak proiektuan parte hartuko duten lekuko emakumeen egoera erreala ikustea eta aztertzea izan zen. Bigarren atal honetan, berriz, Senegalgo COFLEC izeneko emakume elkarteko lau kide, horien artean elkarteko presidente den Yayi Bayan Diouf, Gipuzkoara etorri dira. Pasa den asteartean, azaroaren 12an, iritsi ziren eta datorren asteartea arte, azaroaren 19a, hemen izango dira. Bisita horren helburua Gipuzkoako lurraldeak eskaintzen dizkieten esperientziak ezagutzea da.

COFLEC erakundea legez kanpoko immigrazioa geratzeko asmoarekin sortu zen. Aspegi elkarteko kide den Nerea Lopetegik, adierazi duenez, “COFLEC Dakar ondoan dagoen arrantza herri txiki batean dago. Pixkanaka herriko gizonak emigratzen hasi ziren, asko bidean hil egiten ziren, eta ondorioz, familiak emakumeekin bakarrik ari ziren geratzen, baliabide ekonomikorik gabe”. Egoera horretan, egun, bizitza aurrera atera ahal izateko, bertako emakumeak arrantzarekin zerikusia duten jardueretan dabiltza lanean. “Hori dela eta, Gipuzkoak arrantzarekiko duen lotura, esperientzia eta jakintza kontutan izanda, bertara gonbidatu ditugu”. Ekimen honen helburua, beraz, COFLEC erakundeko kideei arrantza sektorearen inguruko gauza berriak erakustea eta irakastea da.

Getariara egindako bisita

Astebete honetan zehar, Gipuzkoako herri eta leku ugari bisitatuko dituzte. Gaur Getariara egindakoa bisita horietako bat izan da. Goizeko 9:30ean iritsi dira Kofradiara, Lopetegik lagunduta, Senegalgo lau emakumeak. Dioufek honakoa adierazi du: “COFLEC erakundetik hona immigratutako senegaldarrei adierazi nahi diegu arrantzaren inguruan hemen ikastitakoa Senegalen aplikatu dezaketela. Guk zubi lanak egin nahi ditugu, eta helburua kanpoan ikasitakoa Senegalera eramatea eta gure herrialdea garatzeko erabiltzea da”. Bestalde Dioufek aitortu du “gure herrialdean gizonezkoek bakarrik egiten dutenez lan, herrialdeko garapena eta aberastasuna blokeatuta daude. Beraz,  emakumeek lan egitea oso garrantzitsua da, eta gizonezkoekin elkarlanean, egoera hobetzea lortuko dugu”.

Lehen bisita horretan, Emeterio Urrestik, Getariako Kofradiako presidenteak, Kofradia erakutsi die. Senegaldarrei Kofradiaren funtzionamendua eta lan egiteko modua azaldu dizkie. Bisitan, Urrestik gobernuaren laguntza aipatu du: “Erakunde publikoek laguntzak eskaintzen dizkituge; Europatik, esaterako, laguntza ugari jasotzen ditugu”. Elkarlana ere azpimarratu du eta guztiek “alde berdinera arraun egitea” ezinbestekoa dela esan du. “Atzerritik datozenei gure jakintzak transmititzen dizkiegu, eta horren helburua da, ondoren, beraien lurraldeetara itzultzen direnean, hemen ikasitako guztia han aplikatzea eta hango egoera hobetzeko erabiltzea”.

Kofradiako bisitaren ondoren, sare-konpontzaileengana joan dira. Maisor eta Getariako Itsas Gastronomiaren Elkartekoek ere bat egin dute ekimenarekin eta COFLEC elkarteko kideei nola lan egiten duten eta zer egiten duten erakutsi diete. Beraz, Maisor lantegia eta Txoko erretegia ere ezagutzeko aukera izan dute.