Pentsio publikoen defentsan, bihar, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Eibarren manifestazioak izango dira. Mobilizazio horiek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilerako deitu duen greba orokorraren baitan egingo dira. Pentsio duinen mugimenduarekin batera deitzaileak dira sindikatuak, mugimendu feminista, ikasleak, gazte mugimendua eta beste hainbat erakunde. Donostian, elkarretaratzeari, 17:00etan, Aldedi Ederren emango zaio hasiera.

Elkarretaratze horietan, 1080€ko gutxieneko pentsioez gain, pentsioen igoera Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) igoeraren araberakoa, eta ez orain arte bezala %0,25koa, izatea aldarrikatuko da. Horrez gain, beste hainbat eskakizun egingo dira; 1.200€ko gutxieneko soldata, Pentsioen Legearen 2011ko eta 2013ko erreformak eta 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea, eta soldatetan eta pentsioetan genero arrakala deuseztatzea.

Greba orokorra

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 2020ko urtarrilerako deitu du greba. Data oraindik ez dago zehaztuta, baina urtarrilaren bigarren hamabostaldian izango da. Greba horretan pentsio duinez gain, kalitatezko enplegua eta eskubide sozialak aldarrikatuko dira.

Bestalde, abendurako ere mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Elkarretaratze horietan ere, pentsio, lan eta bizitza duinaren alde manifestatuko dira.