Aparkalekuen ordenantza berria diseinatzeko lehen saioan hartu zuten parte herenegun, urriak 14, 40 getariar inguruk. Haritz Alberdi alkateak hasierako azalpenetan argitu zuenez, “arazo honi, behin betiko, ahalik eta irtenbide adostuena ematea” da prozesu honen helburua.

Ibon Gereka Parte-hartze zinegotziak hiru zonaldetan banatu zituen herriko aparkalekuak: moila, alde zaharra eta errepide nagusitik hilerrira arteko tartea. Lehenengoa, Portu Agintaritzak kudeatzen du TAO sistema bidez eta bigarrengoan Harritarten bakarrik aparka daiteke. Hortaz, hirugarren eremu hori izan zuten hizpide batik bat.

Egun, 396 aparkaleku publiko daude eremu horretan. Hilerrian sar daitezkeen beste 27 gehitu beharko litzaizkieke horiei. Horrez gain, 957 autorentzako lekua dago moilan, eta 16rentzako Harritarten. Ibilgailu kopurua, ordea, asko hazi da azken urteetan: 1390 auto, 441 motor eta 16 kamioi daude.

Ibilgailu kopuruaren arazoak bigarren bat ere badu lagun: kanpotik datozenek, moila inguruan TAO dagoen garaian, herriaren goialdean uztea kotxea. Horietatik eratorritako egoerak eragin du gaur egungo hausnarketa beharra.

Udalak, bere kabuz egindako diagnosian, kanpoko ibilgailuak berriro moila aldera bideratzea ikusten du irtenbide gisa. Horretarako modua da, ordea, adostu beharrekoa.

Herritarren hausnarketa

Taldetan bilduta, TAO sistemaren eta egoilarrentzako eremuen abantailez eta desabantailez hausnartzeko eskatu zitzaien bertaratutakoei. Herritarrei ematen dien lehentasuna aipatu zuten egoilarrentzako eremuez, baita TAOak ez duela halakorik bermatzen ere. Era berean, horrek lanpostuak sortu eta aparkalekuak erregulatzen dituela adierazi zuten.

Bigarren ariketan zehaztu behar izan zuten zonalde bakoitzean zein sistema ezarri nahiko luketen eta erantzunak orotarikoak izan ziren. Batzuek egoilarrentzat gorde nahi dute errepidetik gorako aldea, ordainpekoa bihurtuz, esate baterako, Sahatsaga goiko aparkalekua. Beste batzuek, sistema mistoa proposatu zuten goialde guztirako, epe laburreko TAOarekin. Gainera, kanpotarrak moilara bidaltzeko asmotan, eremu horretan TAO garestiagoa jartzea iradoki zuen taldeetako batek. Zonalde bera bitan banatu zuenik ere izan zen: alde nagusia egoiliarrentzat izatea eta urte garai batzuetan zenbait gune autoentzat uztea. Amaitzeko, portua urte guztirako arautzeko ere eskatu zuten.

Urdinez markatu zituzten egoiliarrentzako eremuak, eta gorriz, TAO sistemakoak.

Bestelako eskariak ere egin zituzten, hala nola, lur azpiko edukiontzien lekuak baliatzea aparkalekuak jartzeko, Alde Zaharrean ere egoilarrentzako plazak gordetzea, motorrentzako leku gehiago egotea, Harritarten ibilgailua uzteko denbora luzatzea, eremu berriak egokitzea (portuan, kiroldegi aurrean edo industriagunean), eta karga zein deskargarako guneak definitzea, besteak beste.

Balorazioa

Saioaren amaieran, Ibon Gereka Parte-hartze zinegotziak “oso balorazio positiboa” egin zuen, are gehiago minutu batzuk lehenago zegoen eguraldia kontuan hartuta. “Adin guztietako jendea bildu da, emakumeak, neskak, gazteak, zaharrak, alde berrikoak, alde zaharrekoak… Talde txikitan antolatuta, parte-hartzea oso aktiboa, dinamikoa, izan da”, azaldu zuen.

Aparkalekuen inguruan hausnarketa “dezente” egin dutela aitortu zuen baina, hala ere, gauza berriak azaleratu zirela herritarren ekarpenetan. “Saioa enfokatu dugu alde berrira begira, uste genuelako alde zaharrean aparkalekuen kontua araututa zegoela baina ikusi dugu hor ere gauzak egin daitezkeela, eta jendeak ekarpenak egin ditu. Horrek erakusten du honelako prozesuak beharrezkoak direla”.

Ekarpenak “anitzak” izan zirela iritzita, astebetean egiteko lan asko geratzen zaiela iragarri zuen: “EMUNekoek datuak prozesatuko dituzte, akta batean jasotzeko. Jendeari posta elektronikoz bidaliko zaie, eta gainera, publiko egingo da. Honetatik ateratako ondorioetan sakonduko dugu bigarren saioan”.