Urola Kostako bost udalerrietako etxebizitza guztietara, errefusaren eta organikoaren edukiontziak ireki ahal izateko bigarren txartela banatuko da. Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) datozen egunetan, txartelak gutun bidez bidaliko ditu.

Lehendabiziko txartela bezala, bigarren txartel hau ere etxebizitzari dagokio, eta soilik, norberaren etxebizitzari dagozkion bilketa puntuko organikoaren eta errefusaren edukiontziak irekiko ditu. Txartela galdu edota hondatuz gero, udaletxean edota Udal Elkartean berri bat eskatu ahalko da.

2018ko martxoan jarri zen martxan Getarian, Aian, Orion, Zarautzen eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria. Udal Elkartetik adierazi dutenez “etengabe dihardugu hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko lanetan”. 2019. urtean zehar, bilketa zerbitzua doitzeko eta hobetzeko helburuarekin hainbat neurri hartu dituzte, eta bigarren txartela banatzearena horietako bat izan da: “herritarren iritzi eta iradokizunak kontuan hartuta,  eskualdeko etxebizitza guztietara bigarren txartela banatzea erabaki da”.

UKUEtik esan dute sistema berria ezarri zenetik gaur arteko bilakaera positiboa izan dela. Orain, helburua da erreferentzia gisa ezarrita duten %75eko bilketa mailara iristea.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea