Gerta daitekeen larrialdi egoera bati aurre hartuz, sute simulakroa egin dute goizean Iturzaeta Herri Eskolan. Zentrotik adierazi dutenez, “goizeko 10:00ak inguruan alarma abisua entzun da. Geletako leihoak eta ateak itxi ondoren, ilaran atera dira ikasle eta irakasleak larrialdi irteeretatik”.

Larrialdi planean jasotakoa bete dute eta eskolako atarian bildu dira “larrialdi-buruaren eta solairu koordinatzaileen argibideei jarraituta”. Azaldu dute sei minutu eta 22 segundo behar izan dituztela eraikina husteko. Amaieran, benetako larrialdi egoera bati aurre egiteko prest daudela jakinarazi dute ikastetxeko ordezkariek.