Dagoeneko zenbait hilabete igaro dira ekainean Udalera iritsi ginenetik, eta, horregatik, egokia iruditu zaigu agintaldi hasieraren balorazioa egitea.

Lehen hilabete hauetan, EH Bilduren aurreko Udal Gobernuak hartutako zenbait konpromisori heldu diogu, eta une honetan, proiektu batzuetan bete-betean ari gara lanean. Besteak beste, kiroldegiko padel-eremu berria eraikitzeko lanak, Meagako urbanizazio-lanak (aparkalekuaren egokitzapena…), eta hainbat herri-bide edota Aitzeko begiratokiaren zati bat berreskuratzeko lanak aipa ditzakegu. Horiez gain, laster hasiko dira Herrerieta kaleko eraberritze-lanak, bai eta Sahatsaga kalea Meagarako bidearekin lotuko duen ingurabidearen lanak ere. Bestalde, proiektu berriak ere sortu dira azken hilabete hauetan, hala nola uren banaketaren azken zatia Herrerieta kalean, eta Askizurako bide zaharraren egokitzapena. Horrezaz gain, hurrengo urterako lan hauek aurreikusi dira: Elkano eta General Arnao kaleetan zenefa jartzea, batetik, eta eskolako haurren patioa eraberritzea, bestetik.

Udalaren antolaketari dagokionez ere, zenbait erabaki garrantzitsu hartu ditugu hilabete hauetan. Besteak beste, brigadaren berregituraketan ari gara, eta, horri esker, urtarriletik aurrera, brigadaren lan-talde bat herriko kaleak garbitzera bideratuko da. Horretarako, hain zuzen, une honetan ditugun baliabideak indartuko ditugu, bai giza baliabideak bai baliabide teknikoak. Alde batetik, 2 langile publiko kontratatzeko prozedura hasiko dugu, eta, bestetik, garbiketa-lanetarako makina berriak eskuratu ditugu (barredora eta ura presioz botatzen duen makina.

Kultur arloan, ezinbestean aipatu behar ditugu Salbatore jaiak. Aurtengo jaietan ere, ohiko ekintzez gozatzeko aukera izan genuen, herritarren parte-hartzeari esker, baina izan zen berrikuntzarik ere, Ikurrinaren goratzean herriko elkarteei protagonismoa ematea, esaterako. Festa-egun guztietan jai-giro aparta izan genuen, eta balorazio ona egiten dugu.

Elkanoren 500. urteurrenari dagokionez, hurrengo ekintzak zehazten gabiltza, buru-belarri, Elkano Fundazioarekin, herriko elkarteekin eta herritarrekin elkarlanean. Horren harira, bereziki aipatu behar da Elkanoren itsasoratzean eta Kultur Astean izandako parte-hartzea. Bestalde, ekitaldi instituzionalean, Euskal Herri osoko hamarnaka alkate bildu izana nabarmentzekoa da oso.

Parte-hartzearen arloan, aparkalekuen arazoari irtenbidea aurkitzeko prozesuan murgilduta gaude une honetan. Gure programan agindu bezala, bidea herritarrekin batera egiten ari gara, denon artean konponbiderik onena aurkitzen saiatzeko.

EZ DIOGU UKO EGIN EAJ-REKIN LANKIDETZAN ARITZEARI

Udalgintzan, EAJrekin zenbait adierazpen garrantzitsu adostea lortu dugu hilabete hauetan, hala nola Juan Sebastian Elcano armadako ontziaren etorreraren inguruko adierazpena, Kataluniako `Proces’-aren aurkako epaiari buruzkoa eta, berriki, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira onarturikoa. Hala ere, ez da lortu EAJrekin legealdiko akordio bat egitea.

Legealdi-programari dagokionez, edukiaren inguruan asko findu da, eta adostasun-maila handia lortu dugu; hain zuzen, horren isla izango dira 2020ko aurrekontuak. Aurrean dugun legealdiari begira, oso tresna garrantzitsua eta baliagarria izango da programan lorturiko adostasun hori.

Bestalde, udal-batzordeen banaketan ez gara adostasun batera iritsi. Guk hasieratik egin genion EAJri bi batzordeburu izateko eskaintza, baina Iñaki Txuekak EAJren izenean egindako proposamenean, udal-batzordeen buruak erdira banatzea eskatzen zen, eta, gaur gaurkoz, ez dugu bideragarria ikusten.

Gure aldetik ez diogu EAJrekin lankidetzan aritzeari aterik itxi. Zinez pentsatzen dugu batzorde bakoitzean aukera izango dugula gaian sakontzeko eta adostasunera iristeko, eta horretara bideratuko ditugu gure indarrak. Elkar ulertzeko eta lankidetzan aritzeko prestutasun osoa dugu, denon artean herriaren eta herritarren aldeko proiektuak aurrera atera ahal izateko.