Gaur goizean, emakumeenganako indarkeriaren aurka ekitaldi labur bat egin dute Iturzaetan. Horrela, herriko gaztetxoenek ere bat egin dute azaroaren 25eko aldarrikapenekin. Ekitaldira, eskolako ikasleez gain, udaleko ordezkariak eta herritar ugari gerturatu dira. Bertan, eskolaren, herriaren eta udalaren izenean herri eskolako ikasleek manifestu bat irakurri dute. Manifestuan ondorengo aldarrikapenak egin dituzte:

  • “Tratu ona, guztiona” leloa aldarrikatzen dugu edonorenganako indarkeria gainditzeko bide eta prozesu bezala
  • Bakoitza den bezalakoa onartzera iritsi behar dugu, elkar errespetatuko dugun gizarte bat eraikiz
  • Gure elkarbizitza, berdintasunean, parekidetasunean, enpatian, aniztasunean, eta elkarbizitza positiboan oinarrituko dugu. Tratu onean oinarritutako elkar bizitza nahi dugu
  • Pertsona oro eskubide berdinekin jaio da, garena garelako
  • Badakigu ikusitakotik eta bizi izandakotik ikasten dugula, horregatik eredu jatorrak eskaintzea eskatzen dizuegu helduoi, zuek hasi eta guk jarraitu
  • Gure lana eta konpromisoa da tratu onaren alde lan egitea, guztientzat beti, edonon eta edonori. Hitza ematen dugu ikas-irakaskuntza prozesu horretan eta horri dagokion herrigintzan arituko garela

Denontzako gizarte bat aldarrikatu eta tratu onaren alde hitza eman dute. Manifestua irakurri ondoren, gai bera oinarritzat hartuta, lehen hezkuntzako ikasleek bertsoak kantatu dituzte. Jarraian, guztiek batera, Besarkatu eta Baloreak abestiak kantatu eta dantzatu dituzte.

Arratsalderako, Udalak pare bat ekitaldi antolatu ditu. Lehenik, 19:00etan, herriko plazan, elkarretaratzea deitu du. Jarraian, 19:30ean, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan Agur eta dolore antzezlan laburra ikusteko aukera izango da. Antzerkiaren ostean, solasaldia egingo dute.