Gizartean pixkanaka zabaltzen doa emakume pilotari profesionalen inguruko informazioa. Badabiltza gaur egun, eta ibili ziren duela hamarkada batzuk ere. Erraketistak, esaterako, XX. mende hasieratik, ikerketen arabera 1917tik 1980ra, profesionalki jokatu zuten Espainian zein Amerikan.

Haiei buruzko datuak biltzeko ahaleginean dabil Raketistak Lehen eta Orain Kultur eta Kirol Elkartea azken bost urteetan. Horren berri eman zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Azaldu zutenez, oraingoz, 48 herritako 257 erraketista identifikatu dituzte eta horien inguruko datuak jaso dituzte raketistak.com webgunean.

Hiru getariar

Elkarteak landutako datu basearen arabera, Getarian ere izan ziren erraketistak, oraingoz hiru identifikatu dituzte: Secundina Xekun Altuna Iturzaeta, Juana Manterola Linzunegui eta Pepita. Lehen biei buruzko datuak badaude, azkenarenak falta dira, ordea.

Altuna 1937an hasi zen jokatzen eta utzi zueneko daturik ez dago. Profesional ibilbidean zehar, Tormes (Salamanca), Iberia (Madril), Gros (Donostia) eta Barbieri (Madril) frontoietan aritu zen. Manterolak, “Juanita” edo “Guetaria” deiturarekin, berriz, Tormes (Salamanca), Chiqui (Valentzia), Metropolitano (Mexiko), Jai Alai (Acapulco) eta Colon (Mexiko) frontoietan jokatu zuen. Bere profesional aroaren datarik ez da ezagutzen.

Aurrerantzean ere datuak biltzen jarraitzeko asmoa agertu du Raketistak Lehen eta Orain Elkarteak, eta besteak beste, beraiekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du webguneak. Atzo jakinarazi zutenez, Murtziatik ere heldu zaie informazioa.

Erakundeen laguntza

Lan hori gauzatzeko zenbait erakunderen laguntza izan du elkarteak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ezik, erraketisten jatorrizko herrietako 19 udalek eman diote babesa proiektuari, tartean Getariakoak.