Bihar, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko eguna dela eta, ekitaldi ugari izango dira Getarian: txistu soinuak, euskal kantak, hitzaldia, pailazoak… Egunean zehar, interes eta adin desberdinetako jendeari zuzendutako ekintzak egongo dira.

Hasteko, herriko gaztetxoenek hartuko dute protagonismoa. 15:15ean, Iturzaeta Herri Eskolako ikasleak, txistularien laguntzaz, plazara jeitsiko dira. Jarraian, 15:30ean, ekitaldiari hasiera emango diote: besteak beste, abestiak kantatu eta muxikoak, fandangoa, eta arin-arina dantzatuko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia plazan beharrean eskolan egingo dute. Horren ostean, herriko plazan, 17:00etan, Irrien Lagunen eskutik Irriak Plazan ikuskizuna izango da; haurrei zein familiei zuzendutako ikuskizuna.

Egunari amaiera emateko, 19:00etan, Iturzaetako aretoan, Kanadara joateko euskaraz jakin behar da hitzaldia eskainiko du Miren Egaña hizkuntzalariak eta Aranzadiko zientzia elkarteko kideak. Aurkezle lanetan, Martxelo Otamendi, Berria egunkariko zuzendaria, arituko da.

Argazkia: Irrien Lagunak