Larunbatean, bertso saioa dela eta, gaztetxea jendez bete da. Urtean behin egiten den bertso saio hau hutsegin ezin den zita ari da bilakatzen getariar askorentzat. Aurtengoan ere, saioa familia arteko giroan egin da; izan ere, bai bertsolarien eta baita ikuslegoaren gehiengoa ere getariarra izan da. Bost bertsolari aritu dira oholtza gainean errimekin jolasean: Ximon Aranguren, Jon Ander de la Hoz, Libe Goenaga, Aitor Salegi eta Danel Olano. Gai jartzaile lanetan, berriz, Ane Ezenarro aritu da.

21:30 inguru, Arangurenen agurrarekin, eman zitzaion hasiera afariari. Gai ugari jorratu zituzten gau osoan zehar, eta herriko hainbat arazori irtenbidea ematen ere saiatu ziren; aparkamentu falta, etxebizitza turistikoak, Elkanoren mundubiraren 500. urteurrena… Saioak luze jo zuen eta goizaldeko 02:00ak aldera bukatu zen.