Pasa den larunbatean, azaroaren 30ean, herriko haurrek Alkate Txiki eguna ospatu zuten. Nahiz eta eguraldiak gehiegi ez lagundu, haur ugari gerturatu ziren arratsaldean zehar egindako ekintzatara.

16:30etik 18:30era eskulanak egiten aritu ziren Berdura plazan. Jarraian, udaletxeko Pleno aretora igo eta haurren udalbatza egin zuten. Bertan, Getariako alkate den Haritz Alberdik Gorka Ezenarrori eman zion aginte makila. Horrela, arratsalde batez, Gorka Ezenarro alkate bilakatu zen eta Aimar Zulaika, Nerea Iribar, Argiñe San Martin, Oier Larrañaga eta Ekiñe Kerexeta zinegotzi. Udalbatzan Getarian egin daitezkeen hobekuntzen eta aldaketen inguruan solasean aritu ziren. Ekitaldi ofizialaren ondoren, txistularien laguntzaz, kalez kale buruhandiak ibili ziren.

20:30ean indarrak berreskuratzeko ordua iritsi zen. Haurrek zein gurasoek afaria egin zuten Berdura plazan, eta horren ostean, disko festarekin, amaiera ezinhobea eman zioten egunari.