Egunean Behineko lehiak aurrera darrai, eta getariarren arteko txapelketa hasi zenetik zazpi aste pasa diren honetan, sorpresak izan dira. Orain arte, lehenengo postua eskuratu ez duen erabiltzaileak lortu du garaipena: Jon Anderrek. Horrela, norgehiagokako presio eta tentsio puntuek gora egin dute.

Puntuazioari dagokionez, Jon Ander asko gerturatu da Txantxi Dotorek orain artean ezarrita duen errekorrera, 549.01 puntu. Izan ere, aste honetako irabazleak 523.55 puntu lortu ditu. Lehia ari da amaierara heltzen, baina Txantxi Dotore ezin daiteke gehiegi lasaitu, atzetik baititu gainerako lehiakideak.

Egunean Behineko finala

Irailaren 16an hasi zen Egunean Behin jokoaren bigarren denboraldia eta berrikuntza modura Zuzeneko Finala egongo da. Final hori abenduaren 14an, larunbatarekin, 12:00etan, egingo da Azpeitiko San Agustin kulturgunean. Aplikazioaren sortzaileek adierazi dutenez “sari bereziak izango dira, eta mekanika eta formatua oraindik itxi gabe dugun arren, zuzeneko izaerarekin zera lortu nahi dugu: elkartutako guztiek aldi berean jokatuko dituzte partidak, galdera berdinekin, berdintasun osoan”.

Irailetik hasita, sailkapen orokorreko asteroko hamar lehenek zuzeneko finalerako txartela lortuko dute. Horrela, 100 lagun inguruk lortuko dute bertan parte hartzea. Hala ere, finalean 200 lagun inguru bildu nahi dituztenez, aurrerago, izena emateko modu bat ere jarriko dute. Oraingoz, Getariak ere izango du ordezkari bat final handian; hain zuzen, Txantxi Dotore.

Lotutako albisteak: