Gabonak bertan ditugu eta Babexa Getariako Dendari Elkarteak, jada, datorren astelehenean emango dio hasiera Gabonetako kanpainari. Abenduaren 9tik 22ra, bertako merkataritza sustatu eta babesteko helburuarekin, Babexa Elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 500 euroko sari bat zozketatuko dute.

Elkarteko dendetan egiten den erosketa bakoitzaren truke, kontsumitzailea 500 euroko sariaren zozketan sartuko da. Hamabi egun horietan, getariarrek herrian kontsumitzea sustatu nahi dute eta horrela euren eros-ohituretan eragin. Bezero bakarra izango da sari potoloaren irabazlea, eta diru hori, egun bakar batez, Babexa Elkarteko kide diren herriko dendetan gastatu beharko du.

Honakoek osatzen dute elkartea: Eugenio aseguruak, Izarri, Harritarte, Aliprox, Gluglu, Maider parafarmazia, Salanort, Amona Maria, Maisor, Maria Nieves arrandegia, Elkano arrandegia, Sahatsa eta Sopas.

Zozketa abenduaren 22an egingo dute, eta ondoren, irabazleak 15 eguneko tartea izango du erabakitzeko zein egunetan gastatuko dituen 500 euroak.