Getariako, Zumaiako, Orioko, Mutrikuko eta Debako alkateak Gipuzkoako Batzar Nagusien ohiko bileran izan dira gaur, EH Bilduk batzarrera eraman baitu hondartzetako sorospen zerbitzuaren gaia. Aipatutako herrietako udalek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote berak kudeatzeko zerbitzu hori, eta hala egin ezean, gutxienez, kostuaren %100 bere gain hartzeko.

Gaurko eztabaidaren amaieran, ezezkoa bozkatu dute EAJk eta PSE-EEK, hortaz, udalek jarraitu beharko dute zerbitzu hori sostengatzen udal aurrekontuen bitartez.

EH Bilduko ordezkarien agerraldia

Kostako herriotako ordezkariak agerraldia egin dute batzarraren ondoren, eta Haritz Alberdi Getariako alkateak esan duenez, “EAJk eta PSE-EEk hartutako erabakia tristea, arduragabea eta hainbat mementotan, egin dituzten komentarioak entzunda, harrigarria iruditzen zaigu”. Adierazi du ezin dela gobernatu Gipuzkoa udalerriei bizkarra emanda, gaineratuz bilera eskaria egin ziotela joan den hilabetean eta ez dutela erantzunik jaso.

 

Alberdiren hitzetan, Orio, Mutriku eta Hondarribiko udalbatzek aho batez onartu zuten Batzar Nagusietara eramandako eskaria; Getaria, Zumaia eta Debakoek, aldiz, gehiengoz. “Mozioak bi puntu jasotzen zituen: alde batetik, udalentzat sorospen zerbitzuek gastu handia suposatzen dutela, Getariaren kasuan, adibidez, udal aurrekontuan %3,61etik gorakoa; bestetik, langileek lan baldintza duinak izatea ere guztion ardura dela”.

 

Lotutako albisteak: