Hilaren 15ean, igandean, 19:30ean Iturzaeta aretoan Txarriboda antzezlana ikusteko aukera izango da. Hika Teatroak sortu eta landutako proiektua da. Agurtzane Intxaurraga da konpainiako zuzendaria eta baita antzezlan honen idazlea ere. Txarribodako antzezle taldea sei aktore ezagunek osatzen dute: Sandra Fernandez-Agirre, Patxi González, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Juanjo Otero eta Iñaki Maruri. Sarrerak, zortzi euroren truke, gaurtik aurrera Getariako Turismo Bulegoan eros daitezke.

Pasa den urtean estreinatu zuen Hika Teatroak Txarriboda eta ordu ezkero antzoki ugaritan eskaini dute euren ikuskizuna. Antzerki honekin, 2018ko abenduan, Garnacha de Haroko XXI Antzerki Lehiaketa irabazi zuten. Konpainiak aurten betetzen ditu 30 urte, eta beraz, horien lana ezagutzeko aukera aproposa izan liteke.

Sinopsia

Mireiak eta Imanolek ezkongai bikote perfektua osatzen dute, zorionaren irudi dira. Ezkondu egin dira gaur eta Patxi Bilbaok, emaztegaiaren aitak eta Ipertrolako handi-mandiak, antolatu du ospakizun gala. Festa itzela. “Gaur txerrien antzera, jan, edan eta dantza egitea nahi dut!” hitz horiekin egingo die harrera gonbidatuei. Guztiak bertan daudela dirudienean, ordea, Txusa azalduko da. Txusa gizon gorputzean bizi den emakumea da eta Imanolen aitaren azken bikotea izan zen hura hil artean. Mireiak gonbidatu du ezkontzara; izan ere, Txusa atsegin du eta Imanolek hura hobeto ezagutzeko eta bere aitarena gaindutu ahal izateko aukera polita iruditu zaio. Baina ezuste hau beste askoren hasiera besterik ez da izango eta ezkontza behar zuenak, Txarriboda izaten amaituko du.