Bihar hasi eta igandea bitartean, Cristóbal Balenciaga Museoa beste modu batera bisitatzeko aukera izango da. Izan ere, museoak eta Dantzaz Konpainiak elkarrekin egindako ikerketa-prozesu bati esker, museoko bisitak dantzarekin uztartuko dituzte. Horrela, “museoaren eta bisitarien arteko bitartekaritza-tresna berri bat proposatu” nahi izan dutela adierazi du museoak.

Errenteriako Dantzaz Konpainiako dantzari gazteek, tartean Aitor Jimenez getariarrak, bildumen inguruan sortutako koreografia interpretatuko dute. Datozen hiru egunetan 11:00etan hasiko dira bisitak. Jimenezek, ordea, ostiralekoan eta igandekoan hartuko du parte. Bisita horiek dantzariek gidatuko dituzte eta museoaren hainbat espaziotan egingo dira: “gidariek dantzaren lengoaia erabiliko dute Cristóbal Balenciagaren figurarekin eta lanarekin lotutako edukiak interpretatzeko”.

Bisita berezi hauek gazteleraz izango dira, eta horiek egiteko izena eman behar da museoko harrera-lekuan, bisita ordua baino lehen eta museoko sarrera erosi ostean.