Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den asteazkenean, abenduaren 4an, jarri du salgai Kultura Bonua. Aurtengoa proiektu horren bostgarren edizioa izango da. Bonu horiek lurraldeko 26 herritako 65 saltokitan erabil daitezke urtarrilaren 15a bitartean. Guztira 8.854 Kultura Bonu jarri dituzte salgai; horietatik 3.542 euskarazko kultur produktuetarako eta 5.312, berriz, beste hizkuntzetako kultur produktuak erosteko. Ekimen honetarako 500.000 € bideratu ditu Aldundiako Kultura Departamentuak.

Denis Itxasok, Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kiroletako Foru Diputatuak, adierazi duenez “ekimen honen bidez, herritarrei kultura ondasunak eta produktuak eskuratzen lagundu nahi diegu eta, era berean, kultura sektoreko enpresak indartu nahi ditugu, baita banaketa artistikoaren eta kulturalaren merkatua dinamizatu ere”.

Getarian ez dago Kultura Bonua erabiltzeko aukerarik, baina inguruko herri askotan bai. Herri horien zerrenda ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen. Ekimenean parte hartzen duten saltokiek bereizgarri bat izango dute, erosleek jakin dezaten bonua bertan eros eta erabil dezaketela. Bonua urtarrilaren 15era arte erosi den establezimendu berean kontsumitu beharko da.

Bonu horien bitartez liburuak (testuliburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan) eta filmak erosi ahal izango dira. Bonuak 20 euroren truke eros daitezke; Euskarazko kultura produktuen 12 euroko hobaria eskuratuko du kontsumitzaileak, beste hizkuntzetako kultura produktuetan, berriz, 8 eurokoa. “Euskarazko eta gaztelaniazko produktuetarako bonuak bereizi ditugu, euskarazko kulturaren kontsumoa bermatzeko. Izan ere, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza ere bultzatu nahi ditugu”, esan du Itxasok.

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia