Bihar hasi eta osteguna arte, Juan Sebastian Elkano Musika Eskolak abenduko matrikula epea zabalik egongo da. Horrela, ikasleek baja emateko edota matrikula berriak egiteko aukera izango dute. Horretarako hainbat aukera eskaintzen ditu musika eskolak: alde batetik, 15:30etik 18:30era musika eskolako bulegoan bertan egin daiteke; bestetik, elkanomusikae@gmail.com zein getamusika@gmail.com posta elektroniko bitartez ere bai.

Eskaintza zabala

Musika Eskolak ikasgai ugari eskaintzen ditu. Txikitxoenentzat Musika Tailerra dago. Bertan, musikarekin lehenengo hartu-emana izateko aukera dute haurrek. Musika Tailerraren jarraipen gisa Musika Hizkuntza dago. Honi esker ikasleek musikaren oinarrizko prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskuratuko dute.

Horrez gain, musika tresna ugari irakasten dituzte: haizezkoak, harizkoak edota perkusioa. Ikasleak aukera zabal horretatik gustukoena duen instrumentua aukeratu dezake. Gainera, talde instrumentala ere badago. Talde honetan musika tresna desberdinak jotzen dituzten ikasleak batu egiten dira eta elkarrekin sortzen dute musika. Bestalde, abestea gustuko dutenentzat, abesbatza bat ere badago.