Itsaso zakarra dela eta, Euskalmetetik hainbat abisu eta alerta egin dituzte. Gaur, hilaren 9an, nabigazioari dagokionez, lehenengo bi milietan, 06:00etatik 12:00etara abisu horia dago. 3.5 metro baino handiagoko olatuak aurreikusten dira. 12:00etatik 24:00etara, berriz, alerta laranja ezarri dute. Izan ere, ordu tarte horretan, 5-6 metroko olatuak espero dituzte.

Horrez gain, 12:00etatik 24:00etara, itsasoak kostaldean izan dezakeen inpaktua dela eta, abisu horia ezarri dute. Euskalmetetik adierazi dutenez “olatuen ezaugarriak direla eta, pasealeku eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak izan daitezke, bereziki itsagoraren inguruan”. Itsasgora 14:41ean izango da eta 5-6 metroko olatuak aurreikusten dituzte.

Biharko ere abisu horiak

Biharko, abenduaren 10erako, ere bi abisu hori egin dituzte: bata nabigaziorako eta bestea kostalderako. Nabigatzaileentzat 00:00etatik 06:00ak bitartean dago ezarrita abisua. Lehenengo bi milietan 4-5 metroko olatuak espero dituzte; goizaldera txikitu eta 3.5 metrokoak izango dira. Itsasoak kostaldean sor ditzakeen arriskuengatik, 02:00etatik 04:00etara ezarri dute beste abisua. Izan ere, 03:03ean izango da itsasgora eta olatuen altuera 4 metro ingurukoa izango da.