Azaroko ohiko batzarrean onartu zituen Getariako udalbatzak 2020ko udal aurrekontuak behin-behinean. Aurrez batzorde informatiboan landua zuten gaia, eta Haritz Alberdi alkateak adierazi zuenez, EAJk proposatutako hainbat aldaketa txertatu zituzten agirian, hala nola, tasen igoera islatzea dokumentuan eta langileen soldatak %2 igotzea.

Bi iturritatik jaso dituzte aurrekontuetarako proposamenak: Guztiok 1! parte-hartze prozestuik eta Udaleko bi alderdien lanketatik. Horrelako, behin-behineko aurrekontua 3.682.712 eurokoa da. Horietatik 1.267.292 euro pertsonal gastuetara bideratuko dira; 2.000 euro zerbitzu, prebentzio eta drogomenpekotasuneko programara; 306. 000 euro elkarte eta eragileetara; eta 442.764 euro inbertsio errealetara.

Inbertsioen baitan honakoak aurreikusten dira:

  • Haur Hezkuntzako jolastokia eraberritzea: 206.000 euro.
  • Elkano eta Arnao kaleetan ertzeko zerrenda jartzea: 42.000 euro.
  • Herri mantenu eta hobekuntza lanak egiten jarraitzea: 45.000 euro.
  • Hobekuntza teknikoak: 25.000 euro.
  • Herri bideen konponketa: 20.000 euro.
  • Sahatsaga Goiko etxebizitzen atzeko errepidea: 50.000 euro.
  • Arau subsidirioak egiten hasi eta irisgarritasun plana eguneratzea: 25.000 euro.
  • Aparkalekuen parte-hartze prozesutik ateratakoa gauzatzea: 5.764,33 euro.
  • Elkano eta mundu biraren inguruko ekimenak aurrera eramaten segitzea: 20.000 euro.
  • Udaletxeko ekipo informatikoak eguneratzea: 4.000 euro.

Horrez gain, 2019ko aurrekontutik datorren urtekora hainbat sail pasako dira: tokiko garapen eta turismorako 12.000 euro, memoria historikorako 19.000 euro, surfeko lokalaren teilatua eraberritzeko 10.000 euro eta martxan dauden herri bideak amaitzeko 10.000 euro.

Urresti “pozik” agertu zen “aurrekontuak onartzeko epean ibiliko garelako”. Dena den, azkar egin nahi horretan “akatsak” izan zirela eta batzorde informatiboan jakinarazi zituztela azaldu zuen. Deigarri iruditutako kopuruen artean aipatu zituen, besteak beste, sorospen zerbitzuetan izandako %25eko igoera eta kale garbiketako partida kentzea.

Lehenengoari dagokionez, iaz onartutako lan hitzarmena aplikatzeak eragin duela argitu zuen Alberdik; bigarrenaren harira, berriz, azaldu zuen herri langileen artean berregituraketa egin eta horietako hiru kaleak garbitzen hasiko direla. Udal eraikinetan orain arte egindako lana, aldiz, lehiaketa publikoz kontratatutako enpresa batek gauzatuko du.

Batzarraren amaieran, EH Bilduko sei zinegotzien aldeko bozkekin eta EAJkoen lauren aurkakoekin, aurrera atera zen, behin-behinean, datorren urterako aurrekontua. Gaur egun, udaletxean dago ikusgai, eta edonork aurkez ditzake erreklamazioak abenduaren 26ra arte.

Dirulaguntzen plan estrategikoa

Udalbatzar berean, aurrera atera zen lau urtetik behin egin behar den Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, 2020-2023 aldirakoa. Bilduko zinegotziek baiezkoa bozkatu zuten, EAJkoak abstenitu egin ziren.

Txostena idazterakoan, hainbat herritako ereduak hartu dituzte ardatz. “Plan Estrategikoak balio behar du herriko dinamika sustatzen duten eragileak balioan jartzeko”, azaldu zuen Alberdik. Lehentasunez, herriko taldeak izango badira ere dirulaguntzen onuradunak, kanpokoek zabalik dute atea, “Udalak bere esku-hartzea herrian edo herritarrentzat interesgarritzat jotzen badu”.

Urresti EAJko bozeramaileak planaren oinarri nagusiez galdetu zuen: “Zeintzuk dira sustatu nahi diren helburuak? Nola ebaluatuko da horiek betetzen diren edo ez?”. Bi alderdien arteko desberdintasunen jakitun, datozen asteetan horiek findu eta adostasunera heltzeko itxaropena agertu zuen jeltzaleak.

Udaltzaingo zerbitzua

Beste hainbat gai ere jorratu zituzten udalbatzarrean, besteak beste, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin duela bost urte egindako hitzarmenaren luzapena. Bi alderdien onespenarekin, itunarekin jarraitzea onartu zen, beraz, Getariako Udalak 149.310 euro jasoko ditu urarekin zerikusia duten lanak egiteko. Horien artean lehenengoetakoa izango da Herrerieta kaleko euri urak jasotzeko obra.

Era berean, aho batez onartu zen Udalak Udaltzaingo zerbitzua sortu eta bertako bi kideak langileen hitzarmeneko C2 kategoriatik C1era igotzea. Pasa den udan onartutako Poliziaren Legearen bosgarren erreformak behartu ditu udalak orain arte laguntzaile gisa katalogatutako langile horiek funtzionario gisa hartzera.

Lanpostu horiez gain, arkitekoarena jardun osora luzatuko da, eta A1 kategoriarekin ariko da. Eginkizun anitzetarako bi langile ere kontratatuko ditu Udalak 2020an, C2 atalean.

Gai horri lotuta, etorkizunean pentsatu beharra azpimarratu zuen Urrestik, izan ere, datozen urteetan erretiroa hartuko dute udaletxeko langileetako askok. Orain egiten diren kontratazioak gerorako nahi den udal ereduari jarraituz egiteko eskatu zuen. Alberdik jakinarazi zuenez, hori da bere alderdiaren erronketako bat da, biata utziko dutenen erretiroa “duina” izatea ere.

 

Lotutako albisteak: