Ane Lazkanok betidanik izan du gustuko bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea. Edozein aitzakia edo aukera aprobetxatzen du etxetik atera eta bidaiatzeko, eta azken urteetan munduko leku desberdinetan bizi izan da. Non dabilen eta nondik nora doan jakitea ez da erraza, izan ere, nomaden antzera, uneoro aldatzen du bizilekua.

Bidaiatzeko zaletasun hori dela eta, Turismoa eta Publizitatea eta Harreman Publikoak gradu bikoitza egitea erabaki zuen. Bost urteko gradu hori Jerez de la Fronteran dagoen Cadizko Unibertsitatean ari da egiten, eta egun, bere bosgarren eta azken ikasturtean dago. Pasa den urtean, Parisen eta Bartzelonan aritu da ikasketak egiten. Aurten, berriz, praktikak egitera Madrilgo luxuzko hotel batera, Hotel Wellingtonera, joan da. Hilabete honetan bukatuko ditu praktikak eta bueltan, Jerezera itzuliko da graduko azken lauhilekoa egitera.

Parisen zegoela, ordea, lehiaketa batean parte hartzeko aukera izan zuen, eta irabazlea izan zen. ARTZAPEk Lazkanorekin esperientzia horren inguruan hitz egin du, eta hauxe da kontatu diguna.

Zein lehiaketatan hartu duzu parte?
Dorchester Collection Student Challenge izena du lehiaketak. Dorchester Collection luxuzko hotelen kate bat da. Mundu osoan zehar hamar hotel dituzte, beraz kate txiki bat da. Enpresa honek, urtero, turismoa edo ostalaritza ikasten dabiltzan gazteentzako lehiaketa bat egiten du, eta nik lehiaketa hartan parte hartu nuen.

Nola izan zenuen lehiaketa horren berri?
Lehiaketa hasi zenean, Erasmus bekarekin, Parisen nengoen ikasten. Unibertsitateko ikasgai batek lotura zuzena zuen lehiaketa horretan egin behar zenarekin, eta irakasleak lehiaketa horretarako proiektu bat prestatzea eskatu zigun ikasgaiko ikasle guztioi.

Ikasgaian egin behar genuen lana irakasleak proposatutako gai baten inguruan izan beharrean, lehiaketan proposatzen zen erronkaren inguruan egin behar izan genuen. Horrela, beste modura ere egin beharko genukeen lana egiteaz gain, saria irabazteko aukera geneukan.

Noiz izan zen lehiaketa hori?
Lehiaketa honek lau fase izan ditu. Pasa den urteko, 2018ko, urrian hasi zen, eta finala aurtengo apirilean, Aste Santuan, izan da. Lehenengo fasea klasean geundela egin genuen, baina gainerakoak ikasgaia amaitu ondoren egin ditugu. Beste hiru fase horiek Skype bidez eta online egin behar izan ditugu. Izan ere, taldekide bat Parisen zegoen, bestea Korean lanean, eta ni, berriz, Bartzelonan nengoen ikasten.

Zer egitea eskatzen zuten lehiaketa hartan?
Guri lehengo urtean jarritako gaia izan da: nola kudeatuko zenukete luxuzko hotelen kate bat teknologiaren erabilerarik gabe?

Lehenengo fasean, gure ideia azalduz, bi minutuko bideo bat egin behar izan genuen. Horrekin batera, gure ideia apur bat gehiago sakonduz dokumentu bat ere aurkeztu genien. Bigarren fasean, hasieran proposatutako ideia gehiago garatzeko eskatu ziguten. Hirugarrengoan, berriz, lanpostu berri bat sortzea eskatu ziguten, hau da, gure ideia garatzea ahalbidetuko zuen lanpostu bat sortzea, gaur egun sortu gabe dagoena. Eta laugarren fasea, finala izan zen.

Finalera bost talde iritsi ginen: Frantziako bi, Italiako beste bi eta AEBko bat. Dena prest geneukan, eta berez, ordu arte egindako lana aurkeztu besterik ez genuen egin behar. Baina aurkeztu baino egun bat lehenago beste lan txiki bat jarri ziguten. Gure kasuan, guk proposatutako ideia guztiak Frantzian zituzten bi hoteletan nola garatuko genituen esan behar genien.

Eta klaseko beste talderen bat iritsi al zen finalera?
Ez, finalera ez, baina bigarren fasera gure klaseko bi talde pasa ginen.

Guztira ba al dakizu zenbat pertsonek hartu zenuten parte?
Mundu mailako lehiaketa bat denez, talde pila bat egongo ziren, baina denera ez dakit zenbat.

Lehiaketa irabazi egin zenuten. Zein izan zen saria?
1000 libra eta beraien hoteletan zehar bidaia bat. Bi gau egin ditut Londresko The Dorchesterren, beste bi Milango Hotel Principe di Savoian eta beste bi Parisko Le Meurice hotelean. Dena ordainduta geneukan: hegazkina, hotela eta gosaria. Gainera, egunero euren hoteletan gastatzeko 100 euro eman zizkiguten.

Horrez gain, Parisko Hôtel Plaza Athènèeko, Pariseko hotel ospetsuenetako bateko, zuzendariarekin egon ginen. Hark luxuzko hotelen zuzendaritzako master class bat eman zigun. Hasiera batean hiru taldekideok batera joan behar genuen, baina agenda kontuak direla eta bakarka jaso genituen klase horiek.

Eta zer moduz master class hori?
Oso gizon jatorra da bera, eta klasea oso interesgarria izan zen. Ordubete inguruko klasea izan zen, aukeran motz samarra. Azken finean, klase bat baino gehiago solasadi bat izan zen: aholkuak… eman zizkidan.

Bisitatutako hiru hotel horiek zuk aukeratu zenituen?
Ez, hori beraiek aukeratzen zuten.

Eta hotel horien artean desberdintasunik nabaritu al duzu?
Bai. Kate hau oso txikia da eta dituzten hotel guztiak elkarren artean desberdinak izaten saiatzen dira. Batzuetan, kate bateko hotel batera joaten zarenean, sartzen zara eta ez dakizu New Yorken ala Pekinen zauden. Kate honetan, ordea, ez da horrelakorik gertatzen.

Hotel bakoitzak bere irudia du eta dagoen herrialdearekin loturak egiten saiatzen dira. Esaterako, Londreskoa oso klasikoa da, Milangoa apur bat modernoagoa eta Parisekoak, berriz, harreman handia dauka Dalirekin. Izan ere, Dalik hotel horretan gela bat zeukan. Hotela artistikoa dela esan genezake: margolan pila bat zeuden, sabaiak ere margolanez beteta… Hotel guztiak dira luxuzkoak, baina elkarren artean oso desberdinak. Ez dakit inoiz halakoren batera itzultzeko aukerarik izango dudan −barre artean−.

Nola sentitu izan zara luxuzko hotel horietan?
Hiru hoteletan oso lekuz kanpo sentitu nintzen. Mutila eta biok Londresera iritsi ginenean atezainak goitik behera begiratu zigun −barrez dio−. Oso jator, maletak hartu zizkigun, baina nabaritu egiten zen gu ez ginela… Gainera, txandalarekin ezin zela ibili jartzen zuen. Gero barruan jendea hala zebilen, baina txandal horiek edota jantzita zituzten galtzetinek nik jantzita neraman denak baino gehiago balio zuten −barre artean−.

Milanen anaiarekin nengoen eta berak ere sartu orduko esan zidan deseroso sentitzen zela. Hala ere, esperientzia oso polita izan da eta oso ondo tratatu gaituzte. Horrelako hoteletan egotera ohitu ahalko nintzateke −barre artean−.

Esperientzia honek kontaktuak eta lan harremanak egiteko balio izan al dizu?
Bai, asko. Hasteko, kontaktu potenteena Parisen master classa eman zidan gizona izango da, ze bera hotel oso garrantzitsu bateko zuzendaria da. Gainera, berarekin kontaktuan jarraitzeko eskatu zidan, gutxienez, urtean behin-edo idazteko.

Finala egin zen Erresuma Batuko Coworth Park hotelean ere kate honetako jende asko ezagutu genuen. Pertsona horien kontaktuak interesgarriak dira. Gainera, asko saiatzen ziren gu laguntzen, eta curriculumak, galderak, kezkak… lasai bidaltzeko esan ziguten. Finalean geunden bost taldeetako ikasleon artean ere kontaktuak trukatu genituen. Azkenean, beraiek ere sektore honetan mugituko dira eta euren kontaktuak etorkizunerako interesgarriak izango dira.

Beraz, esperientzia honek sektore honetan sartzeko aukerak eskaini dizkizu?
Bai, sartzeko eta jakiteko mundu honetan sartu nahi dudala. Ze niri Erasmusera joan aurretik turismoa gustatzen zitzaidan, baina komunikazioa ere bai, eta turismoaren barruan ere ez nekien zer gustatzen zitzaidan gehien.

Erasmusarekin konturatu nintzen gehiena hotelak gustatzen zitzaizkidala eta lehiaketa honekin oraindik eta gehiago. Azkenean hotel desberdinetara joan gara eta batez ere finalean geundenean, hotel hark nola funtzionatzen duen erakutsi ziguten. Orduan, gauza askotarako balio izan dit: sektore honek nola funtzionatzen duen eta hori gustatzen zaidala jakiteko, eta kontaktuak egiteko. Azkenean klasean ikasten duzu baina barruan zaudenean, lan munduan, gehiago ikasten da.