Taldekideak, orain arte bezala, hilean behin bilduko dira eta proposatutako liburuaren inguruan hitz egingo dute. Lehenengo hilabetean literatura unibertsaleko eleberri bat landuko dute, ondorengo hiru hilabetetan, berriz, euskal literaturaz jardungo dira.

Urtarrilaren 30ean, Robert Louis Stevenson idazle eskoziarraren Jekyll eta Hyde eleberria izango dute hizketagai. 1886an idatzitako eleberri hau Xabier Galarretak euskaratu zuen, eta “nortasun bikoiztuaren” eta pertsonen alde argien/positiboen eta alde ilunen/negatiboen inguruan hausnartzera bideratzen du irakurlea. Otsailaren 27an, berriz, Karmele Jaioren Aitaren etxeaz hitz egingo dute. Eleberri honetan, Jaio maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eraginaz mintzo da.

Amets Arzallusen Miñan nobelaz arituko dira martxoaren 26an. Nobela honetan Mediterraneo itsasoa zeharkatuz, Afrikatik Europarako bidea egin duen Ibrahima Balde ginearraren bidaia kontatzen da. Azkenik, apirilaren 30ean egingo den saioan Iturria nobelaz jardungo dute. Unai Elorriagaren nobela honek ipuin liburu bat biltzen du, eta adiskidetasunaren, literaturaren eta zahartzaroaren inguruan dihardu.