Datorren larunbatean, abenduaren 14an, egingo da gaztetxean IV. Bersiyo Gaba. Aitor Garmendiak, Bersiyo Gaba prestatzen dabilen Getariako Gaztetxeko kideak, adierazi duenez, jadanik, hamar talde inguruk eman dute izena: “Hasiera batean 11-12 talde espero genituen, baina azkenean batzuek ezin izango dute etorri eta 8-10 talde izango dira”.

Kontzertuan oholtza gainera igoko direnak ez dira soilik getariarrak izango, Zumaiatik eta Zarauztik etorritako musikariak ere bertan izango dira. Talde bakoitzak, gehienez, bost abesti jotzeko aukera izango du. Gutxi gorabehera hiru orduko kontzertua izatea espero dute: “23:00etan hasiko da eta 02:00ak aldera amaitzea aurreikusten dugu”.

Kontzertuan parte hartu nahi duena, oraindik, garaiz dabil. Larunbatean bertan, 20:00etan, bilera bat egingo dute. Bertan, taldeak agertokira igotzeko ordena zehazteaz gain, apuntatu gabe daudenek izena emateko aukera izango dute.

Argazkia: Getaiko Gaztetxia