Xabi Solano musikari eta trikitilari hernaniarrak bakarkako bigarren diskoa kaleratu berri du. Bere ibilbide musikala luzea eta aberatsa da, eta azken urteetan, Esne Beltza taldeko abeslari modura jardun izan du. Ereñotzu diskoarekin, duela hiru urte ekin zion bakarlari ibilbideari eta Bi izenburupean plazaratutako disko hau bere bakarkako bigarren lana da. 23 abestik osatzen dute Bi diskoa. Lehenengo zatian Solanok konposatutako hamairu abesti berri daude, bigarrengoan, berriz, haibat musikarik egindako abestien bertsioak bildu ditu.

Kupela taldearen Txakoliña abestiaren bertsioa diskoaren bigarren zati horretan dago. Hernaniarrak bertsio horren bideoklipa, nola ez, Getarian grabatu du. Izan ere, abestiko protagonista Getariako Txakolina da. Bertan, Kupela taldeak txakolina Getariako erregina izendatzen du. 2008. urtean kaleratu zutenetik Euskal Herriko plaza eta festa gehienetan entzun izan dugu abesti hau. Solanok bere ukitua eman dio abestiari, besteak beste, The Buggles taldearen Video Killed The Radio Star kantu ezagunaren arrastoak sumatu ditzakegu.