Atzo, abenduak 17, egin zuten 2020ko ordenantza fiskalak behin betiko onartzeko ez ohiko batzarra. Aurreko txostenaren onarpenetik, zenbait zuzenketa proposamen aurkeztu zituen EAJk; horien aurka bozkatu zuten atzo EH Bilduko sei zinegotziek eta alde alderdi jeltzaleko lauk. Hortaz, %1,5 igoko dira zerga guztiak, KPIa adina.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren inguruan, alokairuan jartzen diren etxebizitzei %25eko hobaria aplikatzeko eskatu zuen EAJk, %35ekoa alokatzen dutenek 35 urtetik behera badituzte. EH Bilduk, aldiz, erakunde publikoak kontrakoa egiten ari direla argudiatu eta EAEko etxebizitzari buruzko legean oinarrituta, etxe hutsen gainkarga %25 gehiago igotzea erabaki du, %50era arte.

Era berean, etxebizitza turistikoen azken urteetako gorakada aintzat hartuta, %50eko gainkarga ezartzea proposatu zuen EAJk, baita saltoki txikiei %25eko hobaria ematea ere. Bi neurriak legez kanpokoak direla arguditu zuen Haritz Alberdik. Hala ere, turismora bideratutako etxeak huts gisa hartzen direnez, gainkarga izango dutela jakinarazi zuen. Merkataritzari dagokionez, kasu askotan negozioen jabeak lokalarenak ez direnez, maizterrak beharrean jabeak lagunduko liratekeela azaldu zuen, eta dirulaguntzekin bidera litekeela egoera.

Espazio publikoen tasak erabilera eta aktibitatearen arabera banatzea zen jeltzaleen nahia. Aitor Urresti bozeramaleak azaldu zuenez, aurreko urtean berrikusteko geratu zen gaia , denbora faltagatik, orduan ezin zitekeelako egin.

Horrez gain, portuko TAO tarifak berrikusi eta ordenantza berrira egokitzeko eskatu zuen EAJk. Inguruko herrietan egiten ari direna ikusita, eguneraketa bat beharrezkoa dela iritzi diote. EH Bilduk ez zuen proposamen zehatzik ikusi bi zuzenketa horietan.

Amaitzeko, kiroldegiko ustiapena berriro lehiaketara aterako denez, kuotetan pentsionista, gazte eta langabetuei %27ko jaitsiera aplikatzeko, edo kudeatzaileari planteatzeko, proposatu zuen Urrestik. Ustiapen baimena baldintza batzuekin atera zela eta horiek ez betetzea kontratua haustea, dakartzan ondorioekin, litzakeela azaldu zuen Alberdik.

Deserosotasunak lanketa ereduarekin

Ez ohiko batzarrera arte emendakinen aurka egiteko arrazoiak ez zizkietela adierazi argitu zuen Urrestik EH Bildukoen azalpenen ondoren. Horrela, zalantzan jarri zuen negoziaketarako hauen borondate politikoa. Alberdik erantzun zion beraientzat ere errazagoa dela zerbait eraiki eta akordioetara heltzea paperak zurian egonda, bi aldeen proposamenekin, hortaz, “ziur, garaiz ibilita, adostasunetara iritsiko garela”.

 

Lotutako albisteak