Hilabeteko jardunaren ondoren, atzo, aparkalekuen parte-hartze prozesuaren hirugarren saioan, aurkeztu zuen Getariako Udalak herrian datorren urtetik aurrera aplikatuko duen sistema berriaren proposamena. Orain arte bezala, getariarrek herriko edozein eremutan aparkatu ahal izango dute doan; salbuespenak dira Iribarrena eta Harritarte, debekua eta egungo ordutegia mantenduko baitira. Gainera, Artzapeko aldapan egoilarrentzako plazak lortzeko negoziatuko du Udalak Jaurlaritzarekin eta motoentzako lekuak egokituko dute Herrerieta kalean.

Azken hilabeteetako lanketaren ondorioz eta herritarrei aparkalekua errazteko asmoz –ibilgailu eta aparkaleku kopuruen datuak kontuan izanda, bermatzea ezinezkoa dela aitortu dute udal ordezkariek–, Getariako goiko aldea egoiliarrentzat izango da. Kanpotarrek ordu batzuz bakarrik utzi ahal izango dute ibilgailua eremu horretan: lau orduz Sahatsaga Goian zein Eskualtxetaren ezkerretara dagoen aparkalekuan, eta ordutebetez gainerako eremu guztian.

Azken unera arte zeresana eman zuen ordubeteko muga horrek. Hasiera batean, ordu eta erdiko tartea proposatu zuen Udalak. Atzoko bileran horretaz aritu ziren bertaratutako hogeiren bat herritar: batzuk tarte hori ez uztearen aldekoak ziren, hainbatek “kortesiazko” denboratzat hartzen zuen, eta besteren batentzat epe luzeegia zen. Eztabaidaren amaieran, hasierako egonaldia ordubetera murriztea adostu zuten.

Beraz, oraingo leku beretan aparkatu ahal izango dute getariarrek. Kanpotik datozenek, berriz, ordu gutxitarako badatoz, moilan –TAO egongo da udan– zein goialdean utzi ahal izango dute autoa; luzerako badatoz, aldiz, moilan.

Kamera bidezko kontrola

Eremu ezberdinetan kontrola ezartzea ekarriko du aparkaleku sistema berriak, eta hori pertsonen bidez gauzatzea ekonomikoki jasangarria ez denez Udalarentzat, kamera sistema baliatuko du. Egun Harritarten egiten den moduan, hainbat puntutatik pasatzean matrikula grabatuko dute, eta sartutako mementotik irteera artekora behar baino denbora gehiago igaro bada, isuna jarriko da.

Den den, zenbait egoera berezi aurreikusi eta udaltzainari abisa dakiokeela jakinarazi zuten. Etxebizitza batean egin beharreko obren kasuan, esaterako.

Udan, martxan

Aparkalekuen sistema berria Aste Santutik aurrera martxan jarri nahiko balute ere, udal ordezkariek argitu zuten ezinezkoa izango dela, eta udari begira ariko direla. Irailaren 30era arte mantenduko da, berriro ere 2021eko Aste Santuan berrezartzeko. Urte horretako udazkenean lehen ebaluazioa egitea aurreikusten dute herritarrekin batera.

Hilabete honetako ARTZAPE aldizkarian zehatzako jasoko ditugu aparkaleku sistema berriaren nondik norakoak.