Urtero legez, beste hainbat herritan bezala, Getarian ere askok amaitzen dute urtea kirola eginez. Urteko azken egunean San Silbestre Lasterketa egiten da. Aurtengoa 16. edizioa izango da, eta aldaketa batzuekin dator.

Lehiakortasuna alde batera uzteko eta horrela herritarren parte hartzea sustatzeko helburuarekin Udalak planteamendu berri bat proposatu du. Ezin izan du lehiakortasuna erabat kendu, baina beste urteetan baino gutxiago izango da. “Helburua parte hartzea da, eta nork bere erronkak gainditzea. Finean, norbera garaile sentitzea” adierazi du Getariako Udalak.

Aurtengoan, bi lasterketa mota izango dira abenduaren 31ean, 12:00etatik aurrera: alde batetik, beste urteetan bezala, helduen ohiko proba (16 urtetik gora); bestetik, edonork parte hartu dezakeen lasterketa irekia. Sailkapenak orain arte zuen nagusitasuna erabat galduko du; izan ere, lasterketan lortutako postuak ez du garrantzirik izango. Horrela, “sailkapenaren eta irabazteko grinaren gainetik, beste balio batzuk sustatu” nahi izan ditu Udalak.

Lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera ere izango da.