Pentsiodunak pentsio duinak aldarrikatuz elkarretaratzeak egiten hasi zirenetik, jada, bi urte igaro dira. Gobernu berriaren osaerak esperantza apur bat sortu arren, oraindik ez da aldaketarik izan. Getarian, astelehenero bezala, gaur ere pentsiodunak elkartu eta aldarrikapenak egiten aritu dira.

Pasa den asteartean egin zen inbestidura saioan, aldeko 167 bozkekin, aurkako 165ekin eta ERC eta EH Bilduren abstentzioarekin, Pedro Sanchez izendatu da Espainiako presidente. PSOEko ordezkariak, Pablo Iglesias presidenteordearekin batera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) eta pentsioak igotzea hitz eman du. Horrela, LGS herrialdeko bataz besteko soldataren %60a izango da eta pertsioak, berriz, %9 igoko dira. Neurri horien helburua da, gutxieneko soldata eta pentsioak KPIaren igoerarekin berditzea.

Hasiera batean, igoerak urtarrilaren 1ean egingo zituela adierazi zuen. Baina azkenean, data atzeratu egin du, eta gobernua osatu bitartean ez ditu neurriak martxan jarriko. Bien bitartean, pentsiodunak elkarretaratzeak egiten jarraitzen dute.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatu du urtarrilaren 30eko greba orokorra. Helburua lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzea da. Besteak beste, ondorengo eskaerak egingo dira; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea; pentsioak urtero gutxienez KPI bezainbeste igotzea; berrogei urtetan kotizatu dutenek aldez aurretik erretiratu ahal izatea, pentsioan inolako zigorrik izan gabe; 2010. eta 2012. urteetako lan erreformak bertan behera uztea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; eta lansarietako genero arrakala ezabatzea.

 

Lotutako albisteak: