Urtero bezala, San Anton egunez, txakolin uzta berria aurkeztearekin batera, gastronomiaren, euskal kulturaren eta txakolinaren alde lan egin duten pertsonei edo entitateei omenaldi txiki bat eskainiko zaie. Aurtengoan, ETB2ko A Bocados saioa aurkezten duten Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek jasoko dute Mahasti Jaun izendapena. Biak donostiarrak dira, eta biek dute, modu batera edo bestera, sukaldaritzarekin lotura.

Astelehenetik ostiralera, 20:20ean hasita, sukaldean aritzen dira jo eta ke. Bertan, janaria modu osasungarri eta dibertigarrian prestatzen irakasten dute. Aldi berean, bertako produktuei eta horien ezaugarriei buruzko informazioa ere ematen dute. Egunero hainbat elikagai eta osagai erabiliz, plater desberdinak prestatzen dituzte.

Gonzalezek eta Uriartek gastronomiari egindako ekarpena

Ander Gonzalez Donostiako Astelena 1960 tabernako sutondoan hazia da. Luis Irizar Sukaldaritza Eskolan egin zituen ikasketak, eta 1997an, Euskal Herria kalean, Astelena jatetxea ireki zuen. “Bere helburua kalitate handiko produktuekin eta lehengaiekin egindako janaria eskaintzea da eta izan da”. Horrez gain, Lasala Plaza Hotelean aholkulari gastronomikoa da eta A Bocados telebista saioko sukaldaria.

Gabriela Uriarte, berriz, Nafarroako Unibertsitateko Giza Nutrizioan eta Dietetikan graduatua da. Honek ere, bere egunerokotasunean, lan ugari uztartzen ditu: Sin dieta para siempre liburuaren egilea da, Donostiako GU nutrizio eta dietetika zentroan kalitatezko produktuekin osatutako elikadura osasuntsuaren alde egiten du eta A Bocados programako nutrizionista da.

Uzta berria

Aurtengo uztan, 3.400.000 kilo mahats bildu dira eta 3.100.000 botila inguru aterako dira merkatura. Getariako Txakolina Jatorri Deituratik adierazi dutenez, “Klimatologiari dagokionez, urte arraro samarra izan da. Udaberri hotzak loraldiaren gatzatze irregularra ekarri zuen, eta 2018an bezala, honek, ohikoa baino uzta txikiagoa izatea eragin du”. Bestalde, mahatsaren osasuna oso ona izan dela adierazi dute.

Mahats-bilketarako 350 pertsona inguru kontratatzen dira. Mahasti gehienetan eskuz egiten da bilketa, baina denbora laburtzeko helburuarekin, gero eta upategi gehiago mahatsa makinekin biltzeko prestatuak daude.

Getariako Txakolina

Getariako Txakolina merkaturatzen hasi zenetik, aurten beteko dira 30 urte. Lehenagotik ere txakolina egin egiten zen, baina ez zen jatorri deiturarekin saltzen; izan ere, 1989. urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak izen deitura.

“Getariako Txakolina Jatorri Deitura errekonozitu zenetik, 30 urte hauetan, produktu bat berreskuratzea, eta era berean, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea profesionalizatzea lortu da. Horrela, Getariako Txakolina, mundu mailan, kalitatezko ardo bezala errekonozitua izatea lortu da” adierazi du Getariako Txakolinak. Egun, Jatorri Deituran, 33 upategi daude inskribatuta.

2018. urtearekin alderatuz, 2019an salmenta % 4,5a hazi da. Gipuzkoak eta EAEk jarraitzen dute oinarrizko merkatu izaten (%80). Estatu mailan Madrilen eta Bartzelonan saltzen da gehien (%10a), eta gainerako %10a kanpora esportatzen da: AEBetara %65a, Frantziara %10a, Ingalaterrara %5a, Japoniara %5a eta; % 15a beste herrialde batzuetara. Azken urteetan, “herrialde Nordikoetara egiten den esportazioa haundituz doa”.

 

Lotutako albisteak: