Beñat Gerekak, Mikel Mujikak eta Aitor Irigoienek osatutako hirukoteak urteak egin dituzte ARTZAPE aldizkarian idazten; zehazki, bederatzi. Beraz, ezer baino lehen, urte hauetan guztietan gure kolaboratzaile izateagatik, ESKERRIK ASKO.

Hasiera batean, inkesten atal bat jarri zuten martxan, gerora, berriz, Txapakalezka sekzioa sortu zuten. Azkenaldian, ordea, hirurak biltzeko eta ARTZAPEri euren ekarpena egiteko gero eta zailtasun gehiago zituzten. Bizitzako hainbat esparrutan aldaketa ugari izan dituzte: “bikote berriak, ezkontzak, aitatasunaren esperientzia lau aldiz, bizileku eta herri aldaketak, lan eta proiektu berriak…”. Horrek guztiak eraginda, eten mugagabea egingo dutela adierazi dute Txapakalezkako taldekideek.

ARTZAPEren urtarrileko alean argitaratutako artikulua izan da, orai, euren azkena. Azken testu hori euren ibildibea laburbiltzeko eta irakurleei agur, edo gero arte, esateko aprobetxatu zuten. ARTZAPEk agurra webgunera ekarri nahi izan du, beraz, jarraian irakur dezakezue Txapakalezkaren azken ekarpena.

Txapakalezkaren komunikatua: eten mugagabea

Oraingoan berri txar batekin gatozkizue: Berri Txarrak taldeak bezala, Txapakalezka taldea ere mugagabeko etena iragarri beharrean aurkitzen da. Abenduko testu hau izango da, beraz, gure azken atala… momentuz…

Euskal musika taldeekin jarraituz, ohartu gabe heldu gara mugara dio azkenaldian askoren ahotan dabilen Hertzainaken abesti famatuak. Eta bai, Txapakalezka ere heldu da mugara. Amaiera on bat eman nahi izan diogu eta maila gorenean utzi gure sekzio zoro hau, urte hauetako guztietako gure bizipenak eta sentipenak azalduz.

2007ko udazkenean hasi ginen kolaboratzen ARTZAPEn, orduko Inkesta atalean. Hiru urtez hilero inkestak egiten aritu ostean, zerbait berritzailea, frexkoa, zoroa, desberdina, aldakorra sortzea bururatu zitzaigun, eta 2010 amaieran jaio zen Txapakalezka sekzioa, azkar asko ARTZAPEko “sekzion estrella” bihurtu zena (jajajajaja!).

Txikitan frontoiko frontisean hain gustura jokatzen genuen jokuaren izena berreskuratu genuen, non batek frontisera txutatu baloia, eta hurrengoak txutatzerakoan txapa jotzen bazuen, aurrekoa eliminatuta geratzen zen. Joku xelebrea eta arraroa, non txapa jotzea ona zen, eta txapa ez jotzea txarra. Aldrebes xamarra agian, gu geu bezala… Baina zein gustura aritzen ginen, a ze oroitzapenak!

ARTZAPEko orriotan idazten hasi ginen hartatik bederatzi urte luze eta emankor igaro dira. Gozatu egin dugu bidean, gure irudimena espero ez genuen mailaraino igo dugu, eta bide osoan zehar nahiko parre egin eta zorakeria okurritu zaizkigu. Ezin hobeto pasa dugu! Urte dexente izan dira, bai, eta tarte horretan, gure bizitza pertsonalean ere aldaketa asko bizi izan ditugu: bikote berriak, ezkontzak, aitatasunaren esperientzia lau aldiz, bizileku eta herri aldaketak, lan eta proiektu berriak…

Horrek guztiak gero eta zailago eta konplikatuago jarri digu egoera, eta hiruok batera elkartzea posible genuen ordu ta egun bat zehaztea gero eta zailagoa bihurtzen joan da. Lehen gure ofizina ofizial zen Itxaspeko mahaian denbora da hiruok batera ez garela eseri… Hilero idazten hasi ginen, baina denborarekin bi hilean behin idaztera pasa ginen, eta azkenaldian urtean hiru testu idazten ari ginen.

Hori dena ikusita, fundamentuz jarraitzea gero ta konplikatuagoa zitzaigula ikusita, etenaldi mugagabe bat hartzea erabaki dugu. Pena ematen digun erabakia da, baina argi genuen, jarraitzekotan ondo pasatzeko eta elkarrekin juntatzeko moduan segitu behar genuela, eta hori horrela izan ezean, hobe zela orain artekoa borobildu, eta etenaldi bat egitea. Txapakalezkaren izena eta reputazioa goian utzi nahi ditugu.

Txapakalezkako sekzio zoro hau martxan jarri genuenetik, inoiz ahaztuko ez zaizkigun hamaika bizipen eta esperientzia bizi izan ditugu, eta bakoitzean zerbait desberdina eta frexkoa, kritika sozialaz baina umore ikutuz, eskaintzen ahalegindu gara. Den denak zerrendatzea ezinezkoa litzaiguke, baina bereziki ondorengoak azpimarratu nahiko genituzke: Jose Ramon Aranberri, Gernika Bataloiko Matxote gudariari hil aurretik egin genion elkarrizketa luzea eta omenaldia, Rafael De Diego futbolari handiari buruz egindako erreportaje zabala, CSI Getaria City ikerlari trebeen ikerketa xelebreak eta TX expedienteak, Denboraren makina garajetik aterata iraganera zein etorkizunera egindako bidaia zoroak, gure amonei egindako elkarrizketak eta hil ondorenean eskaini genien omenaldi sentikorra, asko estimatzen ditugun herritarrei eta ez herritarrei egindako elkarrizketa motxak (Amaia Iribar, Kortxo eta Xabi Xaxtre, Erun, Joxi, Ibon Religion, Lurdes Guetariano, gure Agus…), ikarazko istorioen kutxa irekitzen genueneko beldurra, unean-unean okurritzen zitzaizkigun zorakeri denak, Franco Getarian izan zenekoa, txakolinaren negozioaren B aldea deskubritu genuenekoa, txibizaleen mafiarekin topatu ginenekoa…

Eta hori dena, kola kao edo asko jota kafesne baten konpainiarekin… atera kontuak ron pixkaten laguntzaz idazten jarri izan bagina!

Hori dena posible izateko, jende askoren laguntza izan dugu, eta eskerrak eman nahiko genizkieke: gure familiei eta bikoteei, ARTZAPE aldizkariko langileei emandako aukeragatik eta gure zorakerietako bakar bat ere ez zentsuratzeagatik, ARTZAPE babesten duzuen herritarroi eta laguntza eskatutakoan hain ondo hartu izan gaituzuen denei… Bihotz-bihotzez, mila esker denei!!! Zuek gabe ez baitzen posible izango.

Etenaldi mugagabea hartuko dugu bai, baina ez gera urrutira joango, beraz, ez dadila inolaz ere gehiegi erlaxatu orain arte gure jomugan izan ditugun sektoreetako inor. Izan ere, CSI Getaria Cityko ikerlari apartak zelatan izango dituzue hemendik aurrera ere, ta zerbait arraroa sumatu orduko, jakinaren gainean jarriko gaituzte. Denboraren makinan berehala bidaiatuko genuke etorkizunetik iraganera, eta alderantziz…

PD: Ate bat ixten den aldiro, leiho berriak irekitzen direla dio esamolde batek, alegia, proiektu batzuk amaitzean, berriak sortzen, jaiotzen, direla. Tientuan beraz. Txapakalezka jokuan jokatzeari utzi diogu bai, baina txikitako beste joku eta oroitzapen asko ere bizi-bizirik ditugu, badaezpada ere, gure memorian… Agur eta ohore guztioi, edo hobeto esanda, beste bat arte!!!