Aurtengoa EuskarAbenturaren hirugarren edizioa izango da. Abentura horretan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako, 16-17 urte bitarteko, 120 neska-mutilek oinez, euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzeko aukera izango dute.

Pasa den edizioan, bi getariarrek hartu zuten parte: Aingeru Aizpuruak eta June Eizagirrek. ARTZAPEri, espedizioan joan aurretik, euren sentipenak eta aurreikuspenak ere azaldu zizkien (ikus hemen). Guztira, 31 etapatan zatituta, 783 kilometro egingo dituzten. Ibilbidea Maulen hasi zuten eta Getxon amaitu zen.

Izena emateko baldintzak eta eginbeharrak

Oinezko espedizioan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: 2003 eta 2004. urteetan jaiotakoa izatea eta euskaraz hitz egiten jakitea. Bestalde, hautagaiek banakako proiektua eta motibazio gutuna egin behar dituzte. Horiek, datorren martxoaren 15a baino lehen, 15a barne, aurkeztu beharko dituzte.

Proiektua egiteko hiru gai posible daude: “Natura plastifikatua”, “Euskal emakume sortzaileak” eta “Mugak gaindituz integraziora bidean”. Bestalde, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Hala ere, proiektuari buruzko informazio guztia euren webgunean aurkitu daiteke.

Kalitate oneneko lanen egileek 2020ko uztailaren 1etik 31ra egingo den espedizioan doan parte hartzeko beka lortuko dute. Hautatuen zerrenda, apirilaren 15ean, euren webgunean argitaratuko dute.

Oinezko espedizio soil bat baino gehiago

Ibilbidean zehar era eta eduki anitzeko mintegiak, tailerrak eta ekimenak izango dituzte Jzioquitarrek (hala deitzen diete espedizioko kideei). “Hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak…) aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko”.

Bestalde, “Euskal Herria ezagutu eta balore positiboak transmititzeaz gain, proiektu honen helburu nagusiak eremu ez formaletan gazteengan euskara eta mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea dira” adierazi du EuskarAbenturak.