Nahiz eta San Anton bezpera izan, herria egun handirako motorrak berotzen hasiko da. Arratsaldean zehar, hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu dituzte. Ekitaldiei, tripa betetze eta berotze aldera, txokolate beroarekin, 17:00etan emango zaie hasiera. Izan ere, plazan, txokolate beroa bizkotxoekin eskainiko dute.

Horren ostean, 18:00etan, frontoiko karpan, “Peru eta otsoa” familiarteko ikuskizuna izango da. Serguéi Prokófiev musikariak 1936an sortutako ipuin sinfoniko klasikoan oinarrituta Didau antzerki faktoriak egindako ikuskizuna da. Hala, musikari errusiarraren helburua zen, konposizio sinfonikoaren eta ipuin errusiar klasiko baten moldaketa eginez, musika sinfonikoa haurrei modu dibertigarri batean hurbiltzea.

Ikuskizuna bukatu ondoren, eta eguneko ekitaldiei amaiera emanez, kalez kale, Gazte Alaiak Txistulari Taldeak lagunduta, buruhandiak izango dira.