Asteburuan zehar, Ketako taldeek partida bana izango dute. Joko zelaira irteten lehena areto futboleko taldea izango da. San Anton egunaren biharamunean, urtarrilaren 18an, Ausa Zaldibi taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Partida Zaldibiako Resti frontoian, arratsaldeko 16:30ean hasiko da.

Sailkapen orokorrean, Getariako taldeak sei puntuko abantaila du Zaldibiakoarekiko. Getariarrak gorabehera askoko denboraldia ari dira izaten.

Gorengo mailako futbol taldeak, berriz, igandean, urtarrilaren 19an, jokatuko du Orioko futbol zelaian. 17:00etatik aurrera, Billabona taldea izango du aurrez-aurre. Getariarrak sailkapenaren erdi aldean daude memento honetan, 20 punturekin; villabonarrak, aldiz, taulako laugarrenak dira 28rekin.

Bestalde, Sharks saskibaloi taldeak, egun berean, igandean, jokatuko du Benta Berriko kiroldegian. Alde Zaharra taldea izango du aurkari. Lehia bizia izango da, taulan berdinduta baitaude bi taldeak, hirugarrenak dira donostiarrak eta laugarrenak getariarrak. 23 puntu dituzte bi taldeek.