Goiz hasi dituzte prestaketa lanak, eguerdi aldean txakolinaren uzta berria ezagutzeko espero zen jendeari behar bezalako harrera egiteko. Kaleak esnatu dituzte Gazte Alaiak taldeko txistulariek, eta 11:00ak alderako herriko zein kanpoko ekoizleak Harritarten, plazan nahiz Berdura plazan ziren produktuak erakutsi eta saltzeko pronto.

Mezaren amaieran, udal ordezkariek, Gema Marrerok herriko bandera soinean zuela, frontoira arteko bidea egin dute txistulariek lagunduta. Karpa barruan, Kepa Iribar kazetari gidatuta, txakolinaren uzta berria aurkeztu dute. 2019ko uztaren produkzioa 2018koaren ia berdina da: 3.400.000 kilo mahats bildu ziren iaz eta 3.100.000 botila inguru aterako dira merkatura. Jatorri Deituraren txakolin gehiena, %90, txuria da, beste ia %10 gorria, eta “anekdotikoa” beltzaren ekoizpena.

Emilio Ostolaza Getariako Txakolina Jatorri Deiturako lehendakariak mahastietako lan prozesua azaldu du, eta aurtengo txakolina “fina eta elegantea” dela gaineratu; graduazio aldetik 11,5-12ºkoa dela argitu du. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako Sailburuordeak, bestalde, adierazi du balioan jarri behar dela sektoreak azken urteetan izan duen eboluazioa: “Kalitatean oinarritutako produktu bat dugu eta sekulako kalitatea duen produktu bat dugu, lurrari eta tradizioari oso lotutako produktua, gainera. Hori da gaur egun merkatuak goraipatzen duena”.

Urteroko aipamena da Mahasti Jaun izendapena. Aurten A bocados telebista saioko gidariek, Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionistak, jaso dute. Azken honek ezin izan du ekitaldian izan baina eskertza bideoa helarazi du. Gonzalezek azaldu du “goraipamena” dela saria beraientzat, argi dutelako beraien produktua non dagoen eta nora joan behar duten grabatzera. “Sukaldari eta ostalari bezala, esan beharra daukat upategiek lan gogorra egiten dutela. Gogoratzen naiz aspaldi batean mahai batean txakolina defendatzea zaila zela, kanpoko jendeak garraztasunaz hitz egiten zuen, orain zalantzarik gabe esaten dugu bertako ardo txuria txakolina dela”. Gure Txeruko dantzari txikiek ohorezko aurreskua eskaini diote, txistulari taldearen laguntzarekin.

Upategi guztietako kideekin batera egin dute erakundeetako ordezkariek uzta probatzeko deiaren topa. Txakolin dantza eskaini dute dantzariek ondoren, eta zenbait bertso Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek. Amaieran, jendea uzta berriaren bila gerturatu da txakolindegien guneetara. Kalera itzuli da berriro giroa, memento batzuetan eguraldiak aukera handirik eman ez badu ere.

13:30ean, udaletxeko balkoian, kanturako prest, bistaratu dira Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña.

Arratsaldean, karpan, herri kirol erakustaldia izan da, ingude, aizkolari eta harri-jasotzaileekin. Parte-hartzaileen arteko txapelketa egin dute, bi taldetan banatuta: Mikel Larrañaga eta Joxean Olaskoaga Aizperro aizkoran eta Josetxo Urrutia harri jasotzen batetik, Julen Alberdi Txikia IV. eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariak eta Mikel Lopetegi Urra harri jasotzen bestetik. Azken talde horrek bi minutu inguruko aldea atera dio lehenengoari bere zereginetan. Jaialdiaren amaieran, Bihurrik egurrezko aulki bat egin du motozerrarekin, Mahasti Jaunarentzako asmotan. Haien faltan, ordea, Ruth Mozo, Getariako Txakolineko idazkaria, eseri da.

Beraiek aipatu bezala, hitzak hartu du berriro ere lekua San Anton eguneko ospakizunetan, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña udaletxeko balkoira atera baitira ostera ere bertsotan egitera. Behean, eguerdian baino jende gutxiago; hori ere izan dute hizpide. Getariarrak, ordea, pixkanaka hurbildu dira plazara, Sugarri fanfarrearen hasiera izan dute horretarako aitzakia. Gauak dantzan harrapa ditzala herritarrak!

 

Lotutako albisteak: