Cristóbal Balenciaga getariar jostuna jaio zela gaur bete dira 125 urte. 1968an, azken bilduma amaitzearekin batera, etxeko eta tailerretako jarduerekin bukatu zuen. Orduz geroztik, bere jantziak moda izatetik ondare izatera igaro dira. Goizean, Balenciaga Museoan, urteurrenaren harira, aurkezpen ekitaldia egin dute. Bertan, 2020rako prestatu dituzten egitasmo desberdinak aurkeztu dituzte.

Ekitaldian izan dira, besteak beste: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Cristóbal Balenciaga Fundazioaren presidentea; Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua; Haritz Alberdi, Getariako alkatea; Itziar Larrañaga, Getariako Euskara eta Kultura zinegotzia; Miren Vives, Cristóbal Balenciaga Museoaren zuzendaria; eta Igor Uria, Cristóbal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendaria.

Urteurrena dela eta, ekitaldi bereziak antolatuko dituztela adierazi du Miren Vives museoko zuzendariak. Vivesen hitzetan, “azpimarragarriak ezarriko ditugun bi erakusketak eta Nazioarteko I. Biltzarra izango dira”. Ekimen horien guztien helburua da Balenciagak jostungitzan izandako garrantzia azpimarratzea eta hark utzitako ondarea lau haizetara zabaltzea eta ezagutaraztea.

Zupiria sailburuak adierazi du Balenciaga Museoari babesa ematen dieten erakundeek garrantzi handia ematen diotela urte honi: “125. urteurrenak aukera ematen digu museoak duen indarra sendotzeko”. Gaineratu du, helburuetako bat dela “nazioarteko erreferentzialtasuna eskuratzea; eta horretarako, erakusketa garrantzitsuak izatea eta mundu mailan aliantza estrategikoak lantzea beharrezkoa izango da”.

Itxasok berretsi du “museoaren jardunbideetako bat Balenciagaren ondarea berrindartzea izango da”. Horrez gain, atzo jasotako albiste bat azpimarratu du: “Balenciaga sinadura berriro ere goi-mailako jantzigintzara itzuliko da”.

“Gortinen atzean zegoen gizona argitara atera nahi dugu”

Museoa bihar hasi eta otsailaren 29a bitartean itxita egongo da. Tarte hori datorren erakusketa prestatzeko baliatuko dute; hain zuzen, Moda eta Ondarea seriearen hirugarren erakusketa. Esposizio honi Cristobal izena jarri diote, hain zuzen, “maisuaren figuran zentratuko baita”, esan du Vivesek.

Seriearen azken erakusketa honetan “gure arreta artistarengan jarriko dugu; nabarmendu nahi izan duguna nor izan da” gaineratu du Uriak. “Ez dugu Balenciagaren bizitza deskribatu nahi; aitzitik, beti itzalean, gortinaren atzean, tailerretan gordeta, bere ideiak sortzearen isiltasunean sartuta egon den gizonaren bilakaera gogoratu nahi dugu”.

Uztailaren 15ean erakusketa aldaketa egingo dute, eta museoak Azzedine Alaïa diseinatzaileak duen Balenciagaren lanen bilduma jasoko du. Diseinatzaile tunisiarrak, lau hamarkadatan zehar, zenbait maisuren piezak pilatu zituen, tartean, Balenciagarenak. Olivier Saillard moda-kontserbatzaile ospetsuaren zuzendaritzapean, bi diseinatzaile horien lanak elkartuko dituzte. Guztira, bi egileen 120 pieza izango dira ikusgai.

Ikerketa lerroa sustatuz

Mundu akademikoari zuzenduta, urriaren 1ean eta 2an, Cristóbal Balenciaga Nazioarteko I. Biltzarra egingo da. Biltzar honen helburua da sortzaileari, haren testuinguruari eta lanari buruzko interpreazio berriak egitea eta datu berriak eskuratzea. “Ikusgai jarri nahi dira jostunari eta haren ondareari buruzko kalitatezko lan eta ikerketa-proposamen berritzaileak” esan du Uriak.

Azkenik, EHUk Donostian egiten dituen udako ikastaroen barruan, Balenciaga Museoaren Udako Eskolaren IV. edizioa egingo da. Horrez gain, eskola magistralak eta ikastaro profesionalak ere eskainiko dituzte.