Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan ekimenaren bederatzigarren edizioari datorren astelehenean, urtarrilaren 27an, ekingo dio. Egitasmoa eskualdeko enpresa, eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei zuzenduta dago; langabeen kasuan laneratzen laguntzeko, lanean ari direnen kasuan, berriz, lan aukerak hobetzeko. Parte hartzaileek, bestalde, 20-44 urte eta unibertsitate-titulua edota goi-mailako prestakuntza zikloa eduki behar dituzte.

Prestakuntza trinkoa eta praktikak enpresetan

Azken bi edizioetan egin den bezala, edizio berri honetan ere, prestakuntza-eskaintza indartzeko apustua egin dute. Horrez gain, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egitekoa aukera ere izango dute.

Programak, hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz, 80 orduz, zeharkako konpetentziak landuko dira. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, partehartzaileek lan munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza teknikoa jasoko dute. Saio horietan, sarean norberaren marketing-a egiteko edota norberaren burua nola saldu jakiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, beti ere norberaren lanbide-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Euren webgunean bila daiteke programari buruzko informazio gehiago.

Argibideak eta izen- ematea

Izena emateko orria Udal Elkartearen egoitza elektronikoan jarri dute eskura. Tramitazioa elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute.

Harremanetarako kontaktua Vanessa Garcia izango da. Bide desberdinak daude berarekin harremanetan jartzeko: telefonoz (943 890 808) edota posta elektronikoz (hazilan@urolakosta.eus).