Atzo zabaldu zituen ateak Madrilen Fitur nazioarteko turismo azokak, eta igandea bitartean izango da hura bisitatzeko aukera. Gaur, Andaluziako Juntak gonbidatuta, azokan izan dira Getariako alkatea, Haritz Alberdi, eta Elkano 500 Fundazioko zuzendaria, Ion Irurzun.

Alberdi eta Irurzun, beste hainbat ordezkarirekin batera, gonbidatutako bilkuran izan dira. Herrialde desberdinetako ordezkariak elkartu dira bertan, besteak beste, Espainiakoak, Brasilekoak, Argentinakoak, Portugalgoak, Uruguaikoak eta Txilekoak. Alberdik ARTZAPEri adierazi dionez, “lan batzar modukoa izan da”.

Bilkuran zenbait gai jorratu dituzte, nagusiak lehenengo mundu bira eta turismo jasangarriaren inguruko kongresua izan dira. Alberdiren hitzetan, “Andaluziako Juntak lehenengo mundu bira hura nola ulertzen duen aurkeztu digu eta ezagutzan sakondu nahi dutela esan du”. Bestalde, “hurrengo urteari begira, turismo jasangarriaren inguruko lehenengo nazioarteko kongresua egiteko nahia adierazi digu”.

Ordezkari bakoitzak bere tartetxoa izan du. Alberdik eta Irurzunek ekarpen bat egiteko aprobetxatu dute eurena: “Herrialde desberdinak geundenez, bakoitzak mundu biraren inguruan egiten duen errelatoa idaztea proposatu diegu. Etorkizunari begira, bidaia hark zer suposatu zuen eta zein ondorio izan zituen esanez errelato bat eraikitzea”.

Uruguaiko ordezkariek, euren herrialdeko “pare bat unibertsitate mundu biraren gaia lantzen ari direla esan dute”. Txilekoek, berriz, “datorren urrian, orduan pasa baitzen espedizioa bertatik, Magallanes itsasartean gauza desberdinak antolatu dituzte”.

Bihar Gipuzkoako ordezkariak

Atzo, mundu mailako turismo arloko profesionalei zuzendutako azokan, Gipuzkoako hainbat ordezkari izan ziren. Lurraldeko nahiz eskualdeko eskaintza turistikoa erakusteaz gain, Urolako bide berdeen informazioa ere zabaldu zuten.

Bihar, urtarrilaren 24a, berriz, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak turismoan euskara balioan jartzeko ekimen berritzailea aurkeztuko dute: Ongi Etorri Euskararen Herrira. Proiektuaren jendaurreko aurkezpena 11:30ean, azokan dagoen Euskadi-Basque Country postuan egingo dute.

2020ko turismo-kanpainaren nondik norako nagusiak aurkezten Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakaria eta Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria arituko dira. UKUEtik adierazi dutenez, “gure udalerrietako kultura-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz aurtengo turismo-eskaintzak”. Helburua bisitariekin euskara partekatzea izango da. Hala, UEMArekin elkarlanean, herriz herri, turismo sektoreko eragile guztiekin lanketa berezia egingo dute.

Asteburu osoan zehar, Euskadi-Basque Country postuko Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan, eskualdeko turismo-eskaintza zabalaren berri emango da.