Hamar urtez Getariako Musika Eskolako koruko irakasle lanetan aritu ondoren, Felipe Murillok, urtebetez, atsedenaldia hartzea erabaki du. Urte hauetan zehar, abesbatzako irakasle izateaz gain, solfeokoa eta haurren tailerretakoa ere izan da. Abendua arte lanean aritu da, baina urte berriarekin batera Karmele Martiarena getariarrak hartu dio erreleboa.

Martiarena irakaslea da eta musikako eta ingeleseko ikasgaiak ematen urteak daramatza. Honako hau, ordea, Getariako Musika Eskolan lanean aritzen den lehenengo aldia izango da. ARTZAPEri aitortu digu esperientzia berriari gogotsu eta gustura heldu diola. Horrez gain, beste hainbat kontutxoren inguruan aritu gara berarekin hizketan.

Noiztik zabiltza Getariako Musika Eskolan lanean?
Gabonetako oporretatik bueltan, urtarrilaren 13an, hasi nintzen.

Zein ikasgai ematen dituzu?
Abesbatza, solfeoko talde bat ere badut, haur helduenekin osatutakoa, eta talde instrumentala. Talde instrumentalean biolina, pianoa eta ni neu, flautarekin, gaude.

Lehen ere musikako irakasle aritu izan zara, ezta?
Bai, ni musikako irakaslea naiz, ingelesekoa ere bai. Irakaskuntzan urte pila bat daramatzat, Getariako Musika Eskolan, ordea, lan egiten dudan lehenengo aldia izango da. Hala ere, Felipe Murilloren gidaritzapean, hiru urte egin ditut musika eskolako abesbatzan ikasle modura. Lehendik Zarauzko musika eskolako irakaslea izan naiz, eta gaur egun, Zumaiko Zumaiena ikastetxean nabil.

 

Beasainen egindako emanaldi batean Getariako Musika Eskolako abesbatza

 

Zer moduz ekin diozu lan berriari?
Ondo, gustura. Nire gustuko lana da. Egia esan, musikalki, nire indargunea ahotsarena da. Lehendik ere kantu eskolatan ibilia naiz, eta ni ondoen eta egokien sentitzen naizen arloa hauxe da. Orain, dena berria denez, lanpetuta nabil, baina gustura.

Epe laburrerako helbururik ba al duzu?
Behingoz, gustatzen zaidana egitea lortu dut. Urte asko daramatzat irakaskuntzan, baina ia beti umeekin. Beraz, koruari dagokionez, hau izango da helduekin nagoen lehenengo aldia. Gustura hasi naiz eta helburua hementxe jarraitzea izango da.

Zenbat ikasle dituzu abesbatzan?
Hogei. Denetarik dago: gazteena batxilergoa egiten ari da eta zaharrena, berriz, erretiroa hartuta dago. Talde oso anitza eta oso polita da.

 

Musika eskolako abesbatzako kideak

 

Getariarra izanik zer esan nahi du zuretzat Getariako Musika Eskolan aritzeak?
Urte asko daramatzat Zumaian lanean eta aukera hau suertatu zitzaidanean pentsatu nuen: “herrian bertan, bertako musika eskolan eta herriarentzako”. Nolabait esateko, herriarentzako lan egitearen sentsazioa izan dut.

Eta, musika eskolak herrian zein leku hartzen duela esango zenuke?
Nik uste herrian toki oso garrantzitsua duela; nahiz eta herri txikia izan, ikasle pila bat ditugu eta musika eskola oso potentea daukagu. Gainera, kaleko ekintzetan ere jendea gerturatzen dela ikusten da.

Azken urteetan ikasle kopuruak gorabeherarik izan al du?
Gora egin du. Orain, gainera, pandero ikastaroa antolatzen ari gara, helduentzako beste hainbat gauza ere bai… eta jendea animatzen ari da. Egun ez daude umeak bakarrik, helduak ere badatoz: abesbatzaz gain, pandero ikastaroan, trikitixan edota gitarran. Hori oso ederra da.

Etorkizunari begira, zein da musika eskolaren erronka edo helburua?
Helburuetako bat, oraintxe lortzen ari garena, apur bat zabaltzea izan da; ikasleak haurrak bakarrik ez izatea. Hori lortzen ari gara. Lehen esan bezala, gero eta heldu gehiago datoz, eta arlo desberdinetara, gainera.

Gero, Getariako Musika Bandarekin loturak egiten gabiltza. Lehen ez zegoen harreman handiegirik musika bandaren eta gure artean, eta hutsune hori betetzeko beharra sentitu genuen. Orain lotura horiek lantzen eta harremak estutzen ari gara. Gabonetako musika eskolaren azken kontzertuan ere, gurekin batera, bandak parte hartu zuen. Musika eskolan ikasten dituzten instrumentuekin, ondoren, ikasleak bandara joatea da helburua. Elkarlanean hori lantzen hasi gara, eta nik uste lortuko dugula.