Duela bost egun, urtarrilaren 30ean, itsasoratu da Aita Mari erreskate ontzia. Arrazoi desberdinak medio (pobrezia, gerrak, gosetea…), jatorrizko herrialdetik itsasotik barrena ihes egitea erabaki duten pertsonei laguntza eskaintzera, Mediterraneo itsasora irten da eta bertan, migratzaileak erreskatatzeko lanari jarraituko dio.

Milaka dira gaur arte, batez ere, Libiar zonaldean itota hildako pertsonak. Kopuru hori ez da txikitzen, alderantziz, gorantza doa. Egunero egunero euren herrialdetik ihesi, bizi baldintza hobeago batzuen bila, ehundaka pertsona itsasoratzen dira. Horretarako eskura dituzten baliabideak, ordea, oso murritzak dira; hala moduko ontzi txikiak edota paterak, jendez beteta eta janari eta edari gutxirekin edo batere gabe. Ondorioz, ihesaldi horiek oso arriskutsuak bilakatzen dira.

Itsas Laguntza Humanitarioak kaleratu dituen azken datuen arabera, urtarrilaren 24tik 28a bitartean, erreskate ontzi desberdinen artean, gutxienez, 722 pertsona salbatu dituzte. Datu horiek argi uzten dute horrelako erreskate ontzien beharra, baita Mediterraneo itsasoan dagoen arazoaren handitasuna ere.