Ainhoa, Ane, Idoia, Eder eta Bea. Munduan milaka pertsona eta familiek, tartean beraiek, bizi duten esperientzia getariarrei erakustera hurbildu ziren atzo Balenciaga Museoko auditoriora. Transexualak dira beraietako hiru eta senideak beste biak. Haurtzarotik onartu eta bizi izan dute prozesua Ane eta Ederrek; beranduago, berriz, Idoiak. Bakoitza beretik aritu zen atzokoan, hasieratik argitu zuten moduan, ez baitago “neska-mutil transexuala izateko modu bakarra”.

Bea Server Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kidea eta sexologoa da. Gaur egun, elkartean 150 familia batzen direla azaldu zuen, argituz, hala ere, egunero hazten doala kopurua. Dena den, aitortu zuen badirela inoiz taldean egongo ez diren sendiak, dela inguruagatik, dela erlijioagatik, dela bestelako arrazoiren batengatik.

Transexualitatea betidanik existitu dela argituta, gaurkoa “une historiko garrantzitsua” dela azpimarratu zuen Serverrek, “transexualek txikitatik dutelako nahi dutena izateko aukera”. Azaldu zuenez, denek ez dute hasieratik adierazten, batzuek txikitan aipatzen dute, gero bere horretan utzi eta urteetara berreskuratzen dute behar hori.

Horri lotuta, bestelako teoriekin batera, gizartean maiz azaltzen den ideia mahaigaineratu zuen sexologoak: “Txikiegia da jakiteko”. Halako zalantzak haur transexualen inguruan bakarrik sortzen direla iradoki zuen, hala ez direnek ez dutela hori jasan behar. Hargatik, “itxaron baina umeak esaten duenari kasu egitea” aholkatu zuen, esperientziak erakutsi baitie transexualitatea onartu eta horren arabera bizitzen hasitakoan, zoriontsu direla haurrak. Kontrara, ukazioaren eraginez, %42koa da suizidio tasa.

Ingurua ezinbestekoa da bide horretan, “entzun eta ulertzea”. Horrekin batera, testuingurua zabaldu beharraz hitz egin zuen Serverrek: “Esan al diegu badaudela zakildun neskak eta bulbadun mutilak? Errealitatearen berri izan behar dute, aukerak ezagutu”. Esparru seguruak sortu eta helduek umeen erritmoa errespetatu beharra azpimarratu zuen.

Bizipenak

Ainhoak, Aneren amak, hartu zuen hitza ondoren, alabaren esperientzia kontatu asmoz. Oso txikitatik adierazi omen zuen neska izateko nahia, eta amak, zer esaten zuen ulertu ezinik, Internetara jo zuen. Han irakurritakoarekin konturatu zen haurra transexuala zela. Etxekoek onartzea bera zaila izan zen eta uneren batean, “onartu edo utzi” erabaki behar izan zuen; gertaera ezberdinek eragin zuten azkenean onarpena. 9 urterekin, trantsitua egin eta haurra Ane bezala bizitzen hasi zen. Eskolan izan zituen zailtasunak eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak prestatuta duen protokoloa baliatu behar izan zutela jakinarazi zuen Ainhoak. Halako gaietan ezjakintasuna nagusitzen denez, Naizen bezalako elkarteek eskain dezaketen laguntza agerian geratu zen.

Eder, 19 urteko gazteak, duela bi urte egin zuen trantsitua. Haurtzaro “normala” pasa zuen Errezilen, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera Azpeitiara joandakoan hasi zen nabaritzen ez zituela hango estereotipoak betetzen. Arropa berria erosi zuen, beste neskak bezala apaintzen saiatu zen, ilea moztu zuen… Interneten transexual andaluziar baten bideoa ikusita, identifikatuta sentitu zen, eta etengabeko gaia bilakatu zitzaion buruan. “Azterketa garaia zen eta bost ikasgai suspenditu nituen”. Aurrez halakorik egin gabea, irakasleak zer zuen galdetu eta barneko korapiloa askatu zuen. Gurasoekin hitz egiteko aholkatu eta, onarpena zailagoa ikusten zuenez, aitarekin hasi zen: “Galdetu nion ea zer gertatuko litzatekeen limoizko karamelu batek laranjazko karameluaren papera balu. Ezer ere ezetz esan zidan, kanpokoak berdin zuela, barrukoak limoizkoa izaten jarraituko lukeela”. Beranduago, aitari eta amari gutuna idatzi zien sentitzen zuena azaltzeko. Atzokoan, eskerrak eman zizkien hitzaldira bertaratutako aiton-amonei, beste belaunaldi batekoak izanda, interesa erakusteagatik.

Idoia Getarian bizi izan da hainbat urtez. 37 ditu egun, eta Internet eta Naizen ez zeuden garaian konturatu zen transexuala zela; “badakit zer den laguntza hori gabe bizitzea”, azaldu zuen atzo. Lau urterekin Olentzerori nesken arropa eskatu zien; “urteren batean erosi ere egin zidaten, umeen kontuak zirelakoan”. Pare bat urte beranduago, ahizparen arroparekin ikusi zuen amak eta zerbait txarra egiten ari zela sentiarazi zionez, handik aurrera bizi zuena ezkutatzen saiatu zen. Arazoak izan zituen, umetan, kirola egin ondoren, beste mutilekin dutxatu behar izateagatik, eta, geroago, institutuan jasandako irainengatik. Bere burua babesteko mekanismoak garatu eta zena ahazten saiatu zen behin baino gehiagotan; hala ere, “beti bueltatzen zen eta bueltatu bakoitzean, pauso berri bat emateko beharra sentitzen nuen”. 28 urterekin, “honaino” esan omen zion gorputzak eta baretu ezinezko antsietate-krisi baten ondoren, psikiatrarengana joaten hasi zen: “Hark bizitza salbatu zidan”. Pelikula baten bitartez aitortu zien hari eta familia-medikuari gertatzen zitzaiona. Atzo mahaian zeudenek gainerakoek beste zorte ez eduki izana aitortu zuen, eta etxean, esaterako, ez duela onarpenik izan; bai, aldiz, lagunartean.

Errealitate beraren aurpegi ezberdin eta anitzak azaltzeko hiru belaunaldi batu ziren atzo Balenciaga Museoan, gizarteak emandako aurrerapausoen isla izatearen esperantzan.

Itxaropen horri heldu eta aletxoa jartzeko asmotan, hilabete honetako ARTZAPE aldizkarian Ane, Ainhoa eta Idoiaren bizipenetan sakontzen ahaleginduko gara, beraz, ez galdu.