Lehengo hilean hasi zuten Getariako Arraun Elkarteko kadete eta jubenil mailako neskek aurtengo denboraldia. Pasa den astean, Gipuzkoako Batel Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten, beraz, hauentzat, lehia hasi besterik ez da egin.

Nesketan, arraun elkarteak harrobia badu, eta oraingoz behintzat, etorkizuna bermatuta dute. Ander Basurtok, Getariako Arraun Elkarteko zuzendaritzako kideak eta jubenil mailako nesken entrenatzaileak, baieztatu duenez, “kadete eta jubenil mailan neskek batel bana osatzen dute: jubenilen taldean zazpi neska dira eta kadeteenean sei”. Mutilen kasuan, berriz, trainerua badago, baina gaztetxoak falta dira: “Mutil batzuek fitxa egina badute, baina erdizka dabiltza. Bost edo sei daude apuntatuta, baina entrenamendu erdietara ez dira etortzen”.

Estropada bakoitza ahalik eta ondoen egitea helburu

Neska gazteenak, kadete mailakoak, hasiberriak dira. Denboraldi hau, beraz, kirola ezagutzeko eta euren buruak neurtzeko baliatuko dute, batez ere. “Hamabigarren postu inguruan ibiltzen dira. Kontuan izanda berriak direla eta maila handiko aurkariak dituztela, normala da”, adierazi du Basurtok. Jubenilen batela, berriz, bosgarren eta seigarren postuak ari da eskuratzen, hala ere, entrenatzailearen hitzetan, “badute hobetzeko marjina”.

Kadeteen taldea otsailaren 1eko Pasaiako estropadan./Argazkia: Luis Azpeitia.

Oraindik denboraldia luzea da eta gauza asko gerta daitezke. Kadeteek Aste Santuen bueltan amaituko dute. Jubenilek, ordea, trainerilla ere egingo dutenez, maiatza bukaera arte jarraituko dute. Entrenatzaileek ez dituzte helburu jakin batzuk zehaztu, Basurtoren esanetan, “helburu nagusia estropada bakoitza ahalik eta ondoen egitea da”.

Neska gaztetxoak arraunean gogotsu dabiltzanez, agian, taldea osatzea lortuz gero, datozen urteei begira trainerua ateratzea posible izango litzateke. Aurten ere saiakerak egin omen dituzte arraun elkartetik, lehen arraunean ibilitakoekin hitz eginez eta abar, baina ez dute lortu. “Jubeniletan dauden zazpi neskek ahalko lukete bertan parte hartu, eta datorren urtean, kadete mailatik beste bat igoko litzateke, beraz, guztira zortzi izango lirateke. Baina trainerua osatu ahal izateko, arraunlari ohi horiek itzuli egin beharko lirateke”.

Arraun elkartearen etorkizuna

Aurten, lehenengo aldiz, alebin mailako taldea sortu dute. “Inoiz ez dugu alebinik eduki, baina eskaera zegoenez, azkenean taldea sortu dugu”, berretsi du Basurtok. Lau mutilek eta lau neskek osatzen dute taldea eta astean bitan, asteazkenetan eta ostiraletan, elkartzen dira entrenatzeko. “Alan (arraunean ikasteko txalupan) irteten dira itsasora, eta datorren urteari begira, badirudi gurekin jarraituko dutela”.

Orain arte etorkizuna nahiko beltz ikusten zuten, baina pasa den urtekoa ikusita, arraun zaletasuna apurka-apurka gorantz doala nabaritu dute. Hala ere, “hau zikloka joaten da: orain bai, orain ez…”. Horrez gain, txapelketetan gainerako kiroletan baino beranduago hasteak ez dio gehiegi laguntzen kirol honi: “Arraunean, normalean, lehiatzen, infantil mailan hasten dira, beste kirolak baino beranduago. Ondorioz, futbolak… jende asko eramaten du”.

Hondarribiko XX. traineru jaitsiera

Getariako traineruko arraunlariak ere gogor ari dira 2020ko denboraldirako prestatzen. Aurreikuspen guztiak gaindituz, lehengo urteko denboraldia ikusgarria izan zen, eta ea aurten ere horrelako lan polita egiteko aukera duten.

Bihar, larunbata, 12:00etan, Hondarribiko XX. Traineru Jaitsieran parte hartuko dute getariarrek. Estropada honek balioko die, denboraldia hasi aurretik, euren buruak nola dauden eta gainerako traineruekin alderatuta zein mailatan dabiltzan ikusteko.

Argazkiak: Luis Azpeitia