Euskalmetek iragarri duenez, gaur, itsasaldeko arriskuagatik, egun osoan zehar, nabigaziorako lehenengo bi milietan abisu horia ezarri dute. Egunak aurrera egin ahala olatuen altuera handituz joango da: eguerdi aldera 4,0-4,5 metro ingurukoak izango dira; arratsalde eta gau partean, berriz, 4,5-5,0 metrotara haziko dira.

Bestalde, 16:00etatik 19:00etara, olatuen inpaktuagatik kostaldean alerta laranja ezarri dute. 4,0-4,5 metroko olatuak espero dira, eta egun osoan zehar, pasealekuetan eta malekoietan zipriztin eta olatu-zaparrak eror daitezkeela aurreikusten da.

Biharko eta etzirako ere hainbat abisu eta alerta

Gaur bezala, bihar eta etzi, egun osoan zehar, nabigaziorako lehenengo bi milietan abisu horia ezarri dute. Bost metro inguruko olatuak espero dira. Asteazken arratsalderako, ordea, itsasoa lasaitzen joango da eta egunaren azken orduetarako 3,0-3,5 metro ingurukoak izango dira.

Bihar ere bost metroko olatuak izango direnez, goizaldean, 04:00etatik 08:00etara, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00ak bitartean, olatuen inpaktuagatik kostaldean alerta laranja ezarri dute.

Arrazoi bera medio, asteazken goizaldean, 05:00etatik 09:00etara, alerta laranja ezarri dute kostaldean. Arratsalde aldera egoera baretzen joango da, baina hala ere, abisu horia ezarri dute. 18:00etatik 20:00ak arte, 4,0 metro inguruko olatuak izango direla espero da.