Azken orduko informazioaren arabera, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak gaur goizean lortu du Messina hirian porturatzea. Berria egunkariak aditzera eman duenez, 158 migratzaile iritsi dira ontzian, eta horiei osasun azterketak egitera poliziak eta osasun zerbitzuetako langileak joan dira.

Uhartera, ontzia bete-bete eginda iritsi da. Aita Mari 150 lagunentzat dago prestatuta, eta oraingo honetan, muga gaindituta, 158 pertsonez beteta etorri da. Mediterraneo erdialdean, igandean, 93 lagun erreskatatu zituen, eta astelehen eguerdian, beste 60. Eskifaiako kideek jakinarazi dutenez, pertsona guztiak onik daude.

Euskal egunkariaren arabera, erreskatatutakoen artean 51 adingabe daude, eta haurdun dauden hiru emakumezko. Lehenengo txalupan jasotako ia denak Afrikakoak dira; bigarrengoan hartutako gehienek, berriz, Bangladeshen dute jatorria. Asteburuan salbatutako migratzaileek, baldintza kaxkarretan zegoen txalupan, ordu asko zeramatzaten itsasoan. Bestalde, asteleheneko operazioan erreskatatu zituztenak itsasoa zakartzen ari zen une batean aurkitu zituzten.

Argazkia: Itsas Salbamendu Humanitarioa

 

Lotutako albisteak: