Apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako, jada, posta bidezko botoa eman daiteke. Eskaria, martxoaren 26a bitartean, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnek edota arazo fisikoak dituztenek Estatuko edozein Posta bulegotan egin dezakete. Atzerrian modu iraunkorrean bizi diren pertsonek ere posta bidezko botoa eman dezakete. Horiek, ohiko prozedura jarraituta, martxoaren 7a arte izango dute eskaera egiteko aukera.

Posta bidezko botoa emateko zein pausu jarraitu behar dira?

  • Correosen edozein bulegotan Euskadiko Hauteskunde erroldako inskripzioaren ziurtagiria eskatu
  • Ziurtagiriaren eskaria hautesle bakoitzak egin behar du, eskaria norberak egitea eragozten duen gaixotasuna edo ezintasuna medikuaren ziurtagiriarekin egiaztatzen denean salbu. Bigarren kasu honetan, hauteslearen izenean notario bidez edo kontsulatu bidez baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du.
  • Eskaera egiterakoan, bulegoko langileari nortasun agiria, pasaportea edota gidabaimena erakutsi beharko zaio.
  • Botoa posta bidez emateko eskakizun guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegora igorriko ditu Correosek.
  • Behin posta bidezko botoa eskatuta, herritar horrek apirilaren 5ean ezin izango du botoa hauteslekuan eman.
  • Martxoaren 16tik 29ra bitartean, Hauteskunde Erroldaren Bulegoak eskatzaileari, etxera, ondorengo dokumentazioa bidaliko dio: hauteskundeetara aurkeztu diren aukera politiko guztien boto-paper bana eta gutun-azal bat; erroldan izena emanda dagoela erakusten duen ziurtagiria; eta beste gutun-azal bat dagokion hauteslekuaren helbidearekin.
  • Aukeratutako boto-papera gutun-azalean sartu behar da. Gutun-azal hori, ziurtagiriarekin batera, beste gutun-azal batean sartu eta dagokion hauteslekura bidali behar da.

Argazkia: EITB