Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari esker, Ikaslan Gipuzkoak martxan jarri du Urola Kostan Ikaskuntzako Bitartekaritza Zerbitzua. 2019an eskualdean Bitartekaritza zerbitzurik egon ez bada ere, aurten zerbitzu eraberritua eskainiko da: Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan kokatuko da Ikasurolakosta izeneko formazio eta orientazio bitartekaritza zerbitzua.

Udal Elkarteko Garapen Agentziatik bideratzen den prestakuntza eta enplegu zerbitzu-lerroaren zerbitzu osagarri gisa planteatu da ekimena. Izan ere, Udal Elkartetik lan bila edo lana hobetu nahian dabilenari laguntza pertsonalizatua, eta hainbat prestakuntza programa eskaintzen badira ere, etengabeko prestakuntzara bideratutako zerbitzu trinkorik ez da.

Berriz ere martxan den prestakuntza arloko bitartekaritza zerbitzuaren helburu nagusia da bizialdi osoko prestakuntza eta ikaskuntza Urola Kostako herritar guztiengana hurbiltzea. Edozein kasutan, eta eskualdeko herritar guztiei bideratutako zerbitzua bada ere, gizarte-egoera ahulean eta prestakuntza-zirkuituetatik urrun dauden pertsonengan arreta berezia jarrita egingo da lan.

Bertaratutakoei, norberaren interes zein beharrizanak kontuan hartuz, ikaskuntzaren eta formakuntzaren inguruko informazioa eta orientabidea emango zaie. Lourdes Salsalmendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariaren ustez, zerbitzu berria “herritarrentzat onuragarria” izango da: “hemendik aurrera, herritarrek enpleguaren eta prestakuntzaren alorrean izan ditzaketen beharrak asetzeko moduan izango gara eskualdean”. Salsamendik azpimarratu nahi izan du enplegua eta prestakuntza, biak ala biak direla “eskualdearen garapen sozio-ekonomikorako funtsezko alderdiak” eta ezinbestekotzat jo ditu Udal Elkartearen prestakuntza eta enplegu-zerbitzuen, eta Ikaslan Gipuzkoaren ikaskuntza-bitartekaritza zerbitzu berriaren arteko “elkarlana eta koordinazioa”.

Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Euskara, Kultura eta Euskara zinegotziak ere zerbitzu berriaren garrantzia azpimarratu du. Herritarrei eskainiko zaien bizialdi osoko prestakuntza “herritarren interes eta beharrak kontuan hartuta” eskainiko dela adierazi du eta bi ikasturtetako hutsunearen ondoren zerbitzua berriz ere martxan jarri izanagatik “oso pozik” agertu da.

Harremanetarako datuak

Bitartekaritza zerbitzu horiek eskaintzen Irene Dolara arituko da. Zarauzko Gazte Bulegoan izango du egoitza eta, astelehenetik ostiralera bitartean, ondorengo ordutegian egongo da zabalik:

  • Astelehenetan eta asteazkenetan: 09:00etatik 14:00etara/15:00etatik 17:00etara
  • Asteartetan eta ostegunetan: 08:30etik 15:30era
  • Ostiraletan, 09:30etik 14:30era

Ahalik eta zerbitzurik egokiena eskaintzeko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan zuzenean Zarauzko Gazte Informazio Bulegora joanda (Zigordia kalea, 34), telefono (645 284 300) edota posta elektroniko (ikasurolakosta@ikaslangipuzkoa.eus) bitartez.

Argazkia: Urola Kostako Udal Elkartea