Getariako Jubilatu eta Ezinduen Elkartea Kataluniara joango da asteburu pasa. Otsailaren 28an, ostiralean, irten eta martxoaren 1a, igandea, bitartean “Ruta del cava eta Calçotada” izena jarri dioten bidaia egingo dute.

Elkarteko bazkide direnek 300 euro ordaindu beharko dituzte, bazkide ez direnek, berriz, 310. Gastu guztiak prezio horren barruan sartzen dira: bidaia, hotela, bazkariak eta bisitak. Ordainketa Laboraleko kutxan egin behar da, elkartearen kontu korrontean, otsailaren 21a baino lehen.

Programazioa

Otsailaren 28an Kataluniako Sant Sadurni d’Anoiara joan eta bertan bazkaldu egingo dute. Bazkalostean, Cavas Codorniu bodegan cava dastaketa egiteko aukera izango dute.

Otsailaren 29an, artisau cava nola egiten den ikusteko bodega bat bisitatuko dute. Bertan, cava edanez eta Kataluniako jaki tipikoak janez bazkaldu egingo dute, besteak beste, Calçotada, arkumea eta botifarra. Ondoren, dantza saioa egingo eta lau izarretako hotelean denbora librea izango dute.

Martxoaren 1ean Torres Bodega bisitatuko dute, eta gidari baten laguntzaz bertako mahastiak ezagutuko dituzte. Jarraian, bazkaldu eta Getariara buelta egingo dute.

Argazkia: Cavas Codorniu