Emakumeen pilota txapelketa Getariara ere iritsiko da, izan ere, binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko final laurdenak kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dituzte otsailaren 29an, 17:00etan. Gaur, eguerdian, egin dute aurkezpena Iker Amarika txapelketako antolatzaileak, Ane Loidi Getariako Udaleko Berdintasun zinegotziak, Haritz Alberdi Getariako alkateak eta Cristobal Etxaniz Gure Txeruko ordezkariak.

Pilota misto kategoriako lau partida jokatuko dituzte. Jakinak dira horietako hiru: Ainhoa Romero-Miriam Arrillaga bikoteak Gentzane Aldai-Olatz Arrizabalagaren kontra jokatuko du, Arrate Bergara-Amaia Aldai bikoak Laia Salsamendi-Ane Mendiburu izango du aurkari, eta Leire Garai-Nora Mendizabal bikotea Ibone Salinas-Andrea Capellanen aurka ariko da. Laugarren partidako bikoteetako bat Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendik osatuko dute; bestea, aldiz, asteburu honetan Berastegin jokatuko den partidatik aterako da.

 


Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrera doan izango da, txapelketaren helburua baita “emakumeen esku pilota sustatzea”. Asmo horretan, Amarikak adierazi duenez, gustura dira aurtengoarekin: “Oso balorazio ona egiten dugu. Ikusle aldetik, erantzun bikaina izan dugu pilotaleku guztietan. Kirol arloan ere pozik gaude, ikusi dugulako pilotari berriek eman dutela izena, harrobitik badatozela eskuz jokatzen duten neskatila gehiago eta txapelketa honi esker, jarraitasuna izango dutela”.

Txapelketako pilotari askori ezaguna izango zaie ingurua, Getariako frontoian jokatzen den Elkano Sarian parte hartu baitute azken urteetan. Oraingoan, ordea, Sahatsagako pilotalekua izango dute jokaleku.

Bertaratzeko deia

Ane Loidik zein Cristobal Etxanizek pilota partidak ikustera joateko deia egin diete herritarrei eta inguruko bizilagunei. “Jendearentzat pilotan dabiltzan emakumeak badaudela konturatzeko modua” dela uste du zinegotziak, eta badu getariarren erantzuna ona izango den itxaropena. Gainera, iragarri du, bezperan, Iturzaeta Herri Eskolako umeek (neska nahiz mutil) emakume pilotari batekin entrenatzeko aukera izango dutela.

Neskak pilota mundura hurbiltzea da erronketako bat, Etxanizek argitu duenez, gaur-gaurkoz, ez baitago herriko neskarik pilotan jokatzen. Umetan ere ez omen dira apuntatzen, “taldean ez bada, zaila da”. Hala, Emakumeen Master Cup txapelketa pizgarri izatea espero du.